Kanpotik etorritakoak zein beti herrian bizitakoak elkartu nahi ditu Auzoko proiektuak Berriatuan
Topaguneak bultzatu duen Auzoko proiektuaren aurkezpena egingo dute, Berriatuan, abenduaren 2an, 19:30ean, bideo gelan.
Euskararen eremuetara datozen herritar berriei hizkuntzaren ikuspegitik egin beharreko harrera egituratzea. Hori da Topaguneak bultzatu duen Auzoko proiektuaren helburu nagusia.
Auzoko proiektuak lortu du herritarren arreta, nolabait. Izan be, hizkuntzen gaia plazaratzen zuten hainbat kartel agertu izan dira herrian. Kartel horien bidez, munduan ez ezik, herrian ere hainbat hizkuntza elkarbizitzen daudela plazaratzea zen asmoa eta, bide batez, Auzoko proiektuaren lehen urratsak ematea. Proiektuaren xehetasunak, eguenean azalduko dituzte, 19:30ean, bideo gelan.
Herrian zabaldutako txartelen bidez, txapelketa bat ere martxan jarri zuten. Zenbat hizkuntza hitz egiten dira munduan? galderaren erantzuna udaletxeko buzoian sartzea nahikoa da parte hartzeko. Erantzuna herrian zabaldutako txarteletan izan dute herritarrek oraintsu arte.
Elkartruke aberasgarria
Munduko bazter guztietatik etorritako herritar berrien eta betiko herritarren arteko hurbilketa egitea da asmoa.
Euskararen berri eman eta haren inguruko baliabideak ezagutarazteaz gain, elkar aberastera zuzendutako elkartrukea da proiektuaren oinarria. «Egunerokoa euskaraz bizi dugu herri euskaldunetan; hori da Berriaturen kasua, esaterako. Eta horrela izaten jarraitzea gura dugu, baina, egoera berri baten aurrean gaude; hizkuntza eta kultura asko nahasten ari dira herrietan. Egoera berri horretan elkarrengandik ikastea da lortu gura duguna».