Txahalaren inguruko ospakizun handia
Santa Barbara Egunarekin batera ospatuko dute aurten amotarrek herri osoa batzen eta beharrean jartzen duen txahal eguna; zapatu goizaldean lanean ekin eta domeka goizaldean jai giroan amaitzen da txahal jana.
Ez dira urte asko herria sakon ezaguzen duen kazetari batek zera esan zuenetik: «…arriskuak hartuta, esan daiteke amorotar izaera marraztu dezakeen berba behargina dela». Eta arrisku barik esateko modurik ere bada, bereziki, zapatuan ospatuko den txahal janaren inguruan berba egiten denean.
Herritar asko behar izaten dira txahal jana aurrera ateratzeko, baina ez dute horretan arazorik izaten. Guztiek dute egitekoa eta guztiek betetzen dute berearekin.
Aurreko zapatutik frontoiko behenganea berdintzeko egurra jarrita dago; herenegun bukatu zuten txahala erretzeko parrilla prestatzea; zerbitzari eta sukaldari taldea antolatuta daude… guztia prest dago txahalaren inguruko egun handirako.
Txahala eta gehiago
Herri oso bat txahal baten inguruan bilduko da zapatuan. Txahala barikuan ekarriko dute hiltegitik eta zapatu goizaldean ekingo diote haren prestaketari.
Zapatu iluntzean batuko dira 246 kilo zituen Adelita txahala dastatzera. Guztira 450 lagun jesarriko dira mahaira: amotarrak tartean egongo diren arren ¬hauetako asko jesarrita barik, batetik bestera ibiliko dira gainontzekoak gustura daudela ziurtatuz, zerbitzatzen, mahaia altxatzen…¬, inguruko herrietatik etorritakoak ere izango dira.
Baina afaltzera jezarri aurretik, izango da zer jana, zer ikusia eta zer ikasia. Frontoia alderik alde, garai bateko ohitura gastronomikoak gogora ekartzeko txoko bihurtuko dute: txistorra, odolosteak, karakolak, morokila, konpota, aza-olioa, danbolinean erretako gaztainak, intxaur-saltsa… Borondatearen truke guztia dastatzeko aukera egongo da.
Aurten, gainera, berezia dute benetan eguna. Izan ere, Santa Barbaraga egunean bertan izango da herri osoa batzen duen jaia. Meza, Santa Barbara ermitan bertan izango da, eta ostean, eguerdiagaz batera, jaiari ekingo diote gorputzak laguntzen duen arte.
txahalaren ihesa
Txahal janak anekdota bat baino gehiago utzi ditu, baita bertsoren bat edo beste ere. Jarraian dauden Jose Gabiolak osatutakoak dira adibide garbiena. Hazi behar zuten txahala jasotzera joandakoan benetan gertatutakoa jasotzen da.
Filomenaren bila joan ziren
Amototik lau tratante
bostgarren batek huts egin eban
ta ez zuen hartu parte.
Lehenengo paradia
Oletan bazkaria
gero Gizabururarte
partidatxo bat, pare bat trago
anima ta badoazte.
Halako baten heldu zirian
Filomenaren kortara
eta ugazaba ondiño falta
ez zan agertzen bertara.
Filomena nerbioso
ikusi eben oso
ta sartu yaken ikara
estudiatu beharra zegon
kortatik nola atara.
Euren burua ikusi eben
situazio larrian
eta karrua jarri behar zan
kortako ate parian.
Askatu eben soka
Filomena saltoka
laster zan karro ganian
gero tratanten buru gainetik
kriston saltua airian.
Eta horrela ihes ein eutzen
alboko zelaietara
halako baten ugazaba be
etorri jaken bertara.
Ugazaba susurra
aiba sokamuturra
ta zer ein eutzen hara
trajebañorik ez zeukan baina
salto eutzen errekara.
Ikusirikan nola zegoen
txala errekan sartua
ohartu ziran huraxe zala
bereinkatzeko ordua.
Jordango errekan gisa
egin eben bautiza
seguru dauka zerua
aita abitxak be berrogei bidar
errezau eban kredua.
Errekan sartu ugazaba ta
paparrerainoko ura
baina nolabait heldu behar zan
txala zegoen lekura.
Tratantiak tiraka
ta ugazabak sakaka
atera eben ortura
karro barruan sartu eben da
badaramate etxera.
Gero etxian tratante baten
emazteak harrituta
nondik arraio dakarzute hau
dana baitago bustita.
Bustita dago txala
ta da gauza normala
jarri egiozu manta
izerdiakin bustia dago
nerbioso dago eta.
Eta honela bukatutzen da
Filomenaren orgia
urtebetean sekretupean
gordetako istoria.
Datorren urterako
entrenatu beharko
zekorra zelan toria
eta seguru ez dela izango
hura istori hobia.
Doinua. Iparragirre abila dela