Txomin Agirre 28ko etxeen prozedura berrikusteko agindu du Auzitegiak
Ondarroako Udalak gai horretaz 2007tik hona egindakoaz txostena bidali beharko dio gainbegiratze organoari Txomin Agirre 28an etxebizitzak eraikitzeko jarraitutako prozedura «berrikusi egin behar da». Horrela agindu du, behin betiko sententzian, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak. Epaiak agindua emon dio Ondarroako Udalari, Txomin Agirre 28ko orubean eraikitzeko baimena emotearen aurrekarien eta ondorengo Udal ebazpenen gaineko txosten zehatza egin dezan. Txosten hori udal araubide eta jardunbide propioak gainbegiratzeko EAEko organo nagusiari bialdu beharko dio. Segregazio bat, auziaren oinarrian Pixapeko plazaren 42 metro koadro banandu eta enkantean saldu zituen Udalak 2007ko urte hasieran. Ordurako plaza joten dagoen Txomin Agirre 28ko orubea erosita zeukan Urresti eraikuntza enpresa jabetu zen plaza zatiagaz enkante horretan. Hori jakiterakoan, Maite Velasco auzokide arkitektoak Udalari egin zion eskaria partzela bere jatorrizko egoerara bueltatzeko, Jabegoaren Erregistroan plaza osoa orube bakar eta banaezin modura ageri zelako. Udalak ez zion erantzunik emon eskari horri. Orduan jo zuen auzitegietara Velascok. Orain Lurralde Auzitegiak emon duen sententziak arrazoia emon dio salatzaileari. Sententziak dio «irregulartasun zantzuak egonda, Udalak ezin zuela isiltasun administratiboa erabili, eta gaia aztertu eta erantzun egin behar zuela». Horixe da orain epaiak agindu duena, hain zuzen: Udalak bere erabakien gaineko txostena egitea eta gainbegiratze erakundera bialtzea. 2007an baimena, 2008an etena 2007ko ekainaren 7an, Udal [...]
Ondarroako Udalak gai horretaz 2007tik hona egindakoaz txostena bidali beharko dio gainbegiratze organoari
Txomin Agirre 28an etxebizitzak eraikitzeko jarraitutako prozedura «berrikusi egin behar da». Horrela agindu du, behin betiko sententzian, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak.
Epaiak agindua emon dio Ondarroako Udalari, Txomin Agirre 28ko orubean eraikitzeko baimena emotearen aurrekarien eta ondorengo Udal ebazpenen gaineko txosten zehatza egin dezan. Txosten hori udal araubide eta jardunbide propioak gainbegiratzeko EAEko organo nagusiari bialdu beharko dio.
Segregazio bat, auziaren oinarrian
Pixapeko plazaren 42 metro koadro banandu eta enkantean saldu zituen Udalak 2007ko urte hasieran. Ordurako plaza joten dagoen Txomin Agirre 28ko orubea erosita zeukan Urresti eraikuntza enpresa jabetu zen plaza zatiagaz enkante horretan.
Hori jakiterakoan, Maite Velasco auzokide arkitektoak Udalari egin zion eskaria partzela bere jatorrizko egoerara bueltatzeko, Jabegoaren Erregistroan plaza osoa orube bakar eta banaezin modura ageri zelako. Udalak ez zion erantzunik emon eskari horri. Orduan jo zuen auzitegietara Velascok. Orain Lurralde Auzitegiak emon duen sententziak arrazoia emon dio salatzaileari. Sententziak dio «irregulartasun zantzuak egonda, Udalak ezin zuela isiltasun administratiboa erabili, eta gaia aztertu eta erantzun egin behar zuela». Horixe da orain epaiak agindu duena, hain zuzen: Udalak bere erabakien gaineko txostena egitea eta gainbegiratze erakundera bialtzea.
2007an baimena, 2008an etena
2007ko ekainaren 7an, Udal Gobernua eta Aitor Maruri alkatea (EAJ) funtziotan zirela emon zuen Udalak Txomin Agirre 28an etxebizitzak eraikitzeko baimena. Ordurako gaia auzitegietan zegoen. Urte horren barruan hasi ziren etxebizitza blokea eraikitzeko lanak.
Lurralde Auzitegiak 2008ko azaroan emon zuen eraikin horretako obra gelditzeko agindua, badaezpadako neurri modura, harik eta udal baimenaren gainean behin betiko epaia ebatzi arte.
Eten horri, baina, apelazioa ipini zioten Promociones Urresti enpresak eta Ondarroako Udalak, 350.000 euroko kauzio neurria eskatuz auziko alde salatzaileari. Azkenean Auzitegiak 175.000 euroko kauzioa agindu zuen obren etena mantentzekotan. «Partikular batentzako diru kopuru handiegia» izanik, abala ez zen ordaindu, eta beraz ez zen mantendu lanak geldirik egoteko agindua. Hala ere, harrez gero, obrak apenas egin duen aurrera.