Abenduaren amaieran hasiko dituzte Mendexan plaza eraberritzeko azken lanak
Aurrez egindako bi faseak amaitu ostean, behenganea aldatu eta konpontzea da gelditzen zaio Ispasterri herriko plaza eraberritzeko obra amaitzeko. Abenduaren amaieran ekingo diote lanei.
Urtea amaitu orduko, herriko plaza eta inguruak konpontzeko Udalak hasitako obraren azken zatiari ekingo diote. Azken zatia obraren hirugarren fasea izango da, eta udaletxe aurreko zein inguruko behenganea aldatu eta konpondu egingo dute.
Hasiera batean, obraren azken zatia udazkenean hasteko asmoa zeukan Udalak. Diru laguntzen eskaria egina zeukaten, eta haren erantzunaren zain egon behar izan dute. Orain, ostera, obrak hasteko moduan daude.
Oinezkoentzako zatia zein autoentzakoa konponduko dituzte. Oinezkoen zatia orain arte zegoen modura mantendu nahi dute; hau da, lauzak zeuden lekuan lauzak ipiniko dituzte. Autoentzako zatian, ostera, asfaltoa berriztuko dute. Horretaz gain, hiri-altzari barriak be ipiniko dituzte. «Aurreko faseetan be barritu dira zenbait altzari. Orain errematea emongo diogu guztiari».
Lanak otsailerako amaituta egongo direla aurreikusten dute. Obra egin ahal izateko, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza eduki du Udalak.
Aurreko bi faseetan plazaren itxura erabarritzea lortu zuten. Lehengo faseak eliza inguruetan izan zuen, gehienbat, eragina; bigarrenak, ostera, udaletxearen aurreko aldean gelditzen den gunean.
Obra hasi zenean, eliza, hilerria eta zuhaitzen gunean egin zituzten aldaketak, eta bide batez, karrejua ere konpondu zuten. Maila guztietan egin zituzten aldaketak: behenganetik hasi eta hiri-altzarietaraino heldu ziren berrikuntzak.
Bigarren fasean, aisialdi gunea sortu zuten: begiralekua berreskuratu eta umeentzako olgetarako gunea jarri zituzten. Begiralekuan aulkiak ere jarri zituzten eta umeen gunean hainbat jolas. «Gune hori berreskuratuta, plaza bera handitzea ere lortu genuen; espazioa irabazi genuen».
Horrekin batera, begiralekuaren azpiko aldean dauden lokalak ere eraberritu zituzten. Sortutako espazioa berri hori, ordea, zertan erabiliko duten erabakitzeke dute oraindik. «Herriaren premien araberako erabilera emongo zaio. Pentsatzen ari gara, erabilera zehatz bat eman beharrean erabilera anitzeko lokala izatea».