«Historia ez da inoiz erabili behar eta gutxiago helburu politikoekin»
Orduz kanpo lanean ibiltzea zer den ondo dakiten horietakoa da Leire Arrieta (Mutriku, 1971). Ama, unibertsitateko irakaslea, musikaria, ikerlaria…. bere bizitzan alor asko ukitutakoa da, eta guztietan arima jartzen duela igartzen zaion arren, pasioa nabari zaio lanbide bihurtu zaion gaiari buruz hitz egitean. Historialaria zara, eta hainbat alor ukitzen dituzu. Zein da gehien gustatzen zaizuna? Irakasle izatea gustuko dut, baina ikerketa da gehien gustatzen zaidana. Eta ez nuke inolaz ere baztertu nahi. Nire lagun batek esaten duen bezala, profesionalki egiten dudan beste guztia lentejak dira, eta ikerketa, berriz, txorizoa. Ez zait niri gustatzen, baina metafora ona da [irribarrez]. Zein da zure espezializatea? Euskal exilioa; zehazki, nire tesia Politika europeista EAJren erbestealdian zen.Garai hori sakon ezagutzeko aukera eduki nuen, eta bete egiten nau. Haien politika egiteko modua atsegin dut; neuk ere horrela ulertzen dut politika. Zer esan nahi duzu? Atzerrian egoteak ematen dio, agian, berezitasuna. Egoera zaila bizi zuten; banatuta zeuden, batzuk Parisen, besteak Iparraldean; Franco zuten etsai komuna, formazio handia zeukaten… Norbait bereziki aitatuko al zenuke? Esaterako, Manuel Irujo nabarmenduko nuke; sistematikoa zen bere lanean, eta ikerketa asko errazten du horrek, oso ordenatua zen; beste aldean, ordena ezagutzen ez zuen Jesus Mari Leizaola lehendakaria daukagu… Asko irakurtzen zuten, eta asko [...]
Orduz kanpo lanean ibiltzea zer den ondo dakiten horietakoa da Leire Arrieta (Mutriku, 1971). Ama, unibertsitateko irakaslea, musikaria, ikerlaria…. bere bizitzan alor asko ukitutakoa da, eta guztietan arima jartzen duela igartzen zaion arren, pasioa nabari zaio lanbide bihurtu zaion gaiari buruz hitz egitean.
Historialaria zara, eta hainbat alor ukitzen dituzu. Zein da gehien gustatzen zaizuna?
Irakasle izatea gustuko dut, baina ikerketa da gehien gustatzen zaidana. Eta ez nuke inolaz ere baztertu nahi. Nire lagun batek esaten duen bezala, profesionalki egiten dudan beste guztia lentejak dira, eta ikerketa, berriz, txorizoa. Ez zait niri gustatzen, baina metafora ona da [irribarrez].
Zein da zure espezializatea?
Euskal exilioa; zehazki, nire tesia Politika europeista EAJren erbestealdian zen.Garai hori sakon ezagutzeko aukera eduki nuen, eta bete egiten nau. Haien politika egiteko modua atsegin dut; neuk ere horrela ulertzen dut politika.
Zer esan nahi duzu?
Atzerrian egoteak ematen dio, agian, berezitasuna. Egoera zaila bizi zuten; banatuta zeuden, batzuk Parisen, besteak Iparraldean; Franco zuten etsai komuna, formazio handia zeukaten…
Norbait bereziki aitatuko al zenuke?
Esaterako, Manuel Irujo nabarmenduko nuke; sistematikoa zen bere lanean, eta ikerketa asko errazten du horrek, oso ordenatua zen; beste aldean, ordena ezagutzen ez zuen Jesus Mari Leizaola lehendakaria daukagu… Asko irakurtzen zuten, eta asko idatzi; hamabost orrialdeko eskutitzak idazteko gai ziren… Gutxiago landu dudan arren, Agirre lehendakaria… Baina tesiko protagonista Manuel Landaburu zen. EAJren eta Jaurlaritzaren aurpegia zen Europan. Harekin ibili nintzen gora eta behera denbora luzez. Benetan ukitu ninduen gizon hark; politikari handia zen.
Zure iturriak zeintzuk izan ziren?
Garaiko prentsaren bidez diskurtso ofiziala jarraitu nuen, baina onena aktak eta eskutitz pertsonalak izan ziren. Hor ikusten da dena. Euren arteko eztabaidak, ika-mikak… eta pertsonalki nolakoak ziren jakiten duzu.
Denbora asko behar izan al zenuen?
Hiru urtean denbora dena horretara zuzendu nuen. Atzera begira neure burua ikusten dut idazten nengoen bitartean, hankarekin kumatxoari eragiten umea lotaratzeko. Baina ez daukat oroitzapen txarrik; alderantziz. Hori bai, burua hartan nuen denbora osoan. Tesiarekin nenbilela, eskerrak gurasoei eta senarrari, bestela ezinezkoa izango zen. Orain, asko ikasi dut, bereziki, denbora neurtzeari dagokionean.
Eta hala ere, oroitzapen onak dituzula diozu?
Eta hala da. Astean behin goiza libre hartu eta Arnora joaten nintzen senarrarekin. Baina kapitulu potolo bat amaitzen nuen bakoitzean mendi handiago bat egitera joaten ginen: Hiru Erregeen Mahaia, Gorbea, Txindoki…. Atal bakoitza mendi batekin erlazionatzen dut!
Historialarien lanak ez al du bertigo pixka bat ematen? «Hau hala izan zen» esatea ez al da arriskutsua?
Interpretatu egiten dugu. Historiari egin diezaiokegun kalterik handiena gaurko antiojoekin beste garaiak epaitzea da, eta horretarako joera handia dago. Ikasleei ere hori transmititzen saiatzen naiz: ez epaitu beste garaiak. Tradizio bat jasotzen dugu, eta guztiz objektiboak ezin gara izan, baina epaiak gaur egundik ezin dira egin. Dena bere testuinguruan jarri beharra dago. Askotan hori ez da egiten, eta hori da arazoa.
Eta zer da egiten dena?
Askotan kontzeptuak erabili egiten dira, helburu bat lortzeko erabili. Euskal Herria, Espainia, nazionalismoa, aberria, estatua… nahi bezala erabiltzen dira, eta kontzeptu horiek existitzen ez ziren ¬ez behintzat, guk gaur egun ezagutzen ditugun bezala¬ garaiei erreferentzia egiten diegu gure argudioak oinarritzeko. Horrek ez du zentzurik inondik inora.
Eta zertarako erabil daiteke?
Historiak jabetzeko balio du, nondik gatozen ikusteko. Horretan datza historiaren garrantziak. Gauza bat gaurkotasuna ematea da eta autokritika egiteko eta argudioak erabiltzen jakiteko hartaz baliatzea. Hau da, ikuspegi kritiko bat edukitzeko erabilgarritasuna topatzea. Baina erabili ez da inoiz egin behar, eta gutxiago helburu politikoekin.
Historia irabazleek idatzia dela esaten da. Topiko hutsa al da?
Idatzi, literalki, bai egiten zuten irabazleek; baina literaltasuna baztertuz gero, idatzi denok idazten dugu, eta gu horren dekodifikatzaileak izan behar gara. Historialariak paper garrantzitsua dauka hor. Aurreko guztiek laga dizkiguten mezuak irakurtzen asmatu beharra dago.
Historia transmititzea garrantzitsua al da?
Lehen esan bezala, helburu erabiltzaile batekin egiten ez denean, bai. Helburua arkatzik ez duten horien ahotsa izatea, gure oinarriak ezagutzea… azken finean, guri buruz gehiago jakitea denean, orduan da garrantzitsua.
Historia momentu oro idazten da. Historia garaikideak, ordea, badu muga…
Horretan dago orain eztabaida. Adituek ere ez dakite nola deitu, ez nola zatitu. 1945era arte historia garaikidea da. Baina hortik nora doa hurrengo mozketa? 89ra? Gaur egunera? Horretan ari dira, batez ere, frantsesak eta alemanak. Haiek izan dira, beti, historia kontuetan abangoardia.