Betiko herritarren zein etorri berrien topagunea izan nahi du Auzokok
Herritar guztien arteko komunikazio zein kohesio tresna euskara izatea lortu nahi duen proiektua martxan da Berriatuan. Topaguneak eta UEMAk elkarlanean prestatutako Auzoko proiektuak betiko herritarren zein etorri berrien topagunea izan gura du
«Betidanik hemen eta euskaraz bizi direnen eta hainbat lekutatik herrira etorri direnen arteko zubiak eraiki nahi ditugu, eta zubi hori euskaraz egina izatea nahi dugu». Horrenbestez azaldu zuen Topaguneko dinamizatzaile Elena Leonardok Auzoko proiektuaren muina.
Topaguneak eta UEMAk elkarlanean diseinatu eta martxan jarritako proiektuak euskara komunikaziorako eta kohesiorako tresna izatea lortu nahi du. «Gure inguruan gero eta herritar berri gehiago dago, eta horren aurrean hizkuntzari lotutako kezka sortu zitzaigun. Ze hizkuntza erabiliko dute haiek komunikatzeko? Eta horrek ze ondorio izango du euskaraz bizi nahi duen herrian?», azaldu du UEMAko teknikari Iratxe Ibarrak. «Egoera berri baten aurrean gaude eta erantzuna eman behar zaio. Guztiok batu eta elkarrengandik ikasteko balioko duen gunea izatea nahi dugu Auzoko», gaineratu du.
UEMAkoek zuten kezka, Topaguneak zein Berriatuko herritarrek ere partekatzen zuen. Etorri berrriek, euren aldetik, euskarara eta herritarrengana hurbiltzeko nahia ere erakutsia zuten.
Kezkak eta nahiak ez ezik, Berriatuan Auzoko proiektua martxan jartzeko ezaugarri ugari batzen ziren. «Berriatua herri euskalduna da, eta aldi berean ¬ estatu espainiarra kontuan hartu barik¬ kanpotik etorritakoen portzentaje handiena duen herria da», dio Ibarrak.
Ondo pasatu eta ikasi
Auzoko proiektuan sei herritarrek hartzen dute parte momentuan. Etorri berrien kopurua saio batetik bestera aldatu egiten da, eta horren arabera, talde bat edo bitan lan egiten dute.
Auzoko proiektuaren oinarria ludikotasuna da. «Auzoko ez da inolaz ere eskola bat; lagunarteko giroa dago, eta jolasen bidez ikasten dugu», azaldu du proiektuko parte den Saioa Lopezek. «Hiztegiak erabiltzea derrigorrezkoa egiten zaigu, baina ez da inolaz ere lan astuna. Barre ugari egiten dugu guk eta barre ugari haiek».
Orain arteko saioetan euskarara hurbiltzeko jolasak egin dituzte. Aurrerantzean, besteak beste, txangoak, musikagaz lotutako ekimenak edota gastronomiari lotutakoak egingo dituztela iragarri dute. Hurrengo saioa hilaren 15ean izango da. «Ez dago mugarik eta ateak zabalik daude».