Kide enpresan fundatzaileen bisita jaso dute 30. urteurrenean
Gardotza industrialdean (Berriatua) dagoen Kide enpresak 30 urte bete ditu. Hori dela eta, enpresaren lehen urratsak ikusi zituzten Jose Mari Ormaetxeak eta Jabier Alkorta fundatzaileek bisitatu dute; enpresaren eboluzioa erabatekoa izan dela esan dute biek.
Gardotza industrialdean (Berriatua) dagoen Kide enpresak 30 urte bete ditu aurten. Hori dela eta, enpresaren fundazioan zerikusi zuzena izan zuten bi lagunen bisita jaso dute: alde batetik, MCCko fundatzaileetako bat, Jose Mari Ormaetxea; eta beste alde batetik, Kideren fundatzaileetako bat, Jabier Alkorta.
Bi bisitariak bat etorri dira enpresaren eboluzioa erabatekoa izan dela narbarmentzerakoan. Ormaetxearen papera bereziki garrantzitsua izan zen Kide sortzerako orduan. Bera izan zen bultatzaile nagusienetakoa. «Hasieran hamabostero etortzen nintzen. Orain badira, gutxienez 19 urte etorri ez naizela, eta izugarria da aldaketa».
Ormaetxeak eta Alkortak Kideko kalitate zuzendari Mario Feijoo eta enpresako gerente Josu Tornay izan dituzte bisitaldian gidari. Enpresa erakusteagaz batera, nola eta zer egiten den azaldu diete zehaztasun guztiagaz. «Azken hamabost urteetan aurrerakada handia egin du Kidek. Orain, oinarrian, kamara frigorifikoak egiten ditugu, baita kamaretako ateak ere. Eta negozio berriena hotzeko ekipoetan egiten ari garena da», azaldu zuen Tornayk hotzaren ikerketara zuzentzen duten gunean sartzerakoan.
Ibilbidea
Duela 30 urte hogei lagunegaz jarri zen martxan enpresa. Gaur egun, berriz, ia 200 langilek osatzen dute Kide: “Berriatuko plantan 120 inguru daude; gainontzekoak, Indian eta Txinan ditugun plantetan», aitatu zuen Tornayk.
Teknologian egindako inbertsioa, ikerketan egindako ahalegina eta, kanpoko herrialdeetara jota, merkatua zabaltzea izan dira Kideren eboluzioaren zutabeak. «Merkaturatu berri ditugun bi produktuk eragin handia izango dutela aurreikusten dugu, eta hotzaren gaiarekin lotuta, aurten hamar-hamabost erreferentzia kaleratu. Hurrego urtean berdin jarraitzea nahiko genuke», gaineratu zuen Tornayk.
Etorkizunera begira
Azken sei urtetan etekinak jaso ditu Kidek. «2007a izan zen urterik onena; azken urteetan behera egin dugu; hala ere, erentagarritasunak positiboa izaten jarraitzen du», esan zuen Tornayk.
Aurrera begira, hotzaren ekipoek produkzioan sakontzea da enpresak hartu gura duen norabidea. «Bi urte barru, hotzaren proiekzioa zein den neurtuta, horretara zuzendutako inbertsio garrantzitsuak egitea ari gara pentsatzen». Gainera, negozio lerro berriak¬ besteak beste, osasuna¬ lantzea dute buruan. «Ikerketan ari dira; proiektu berriak dituzte; gauzak dauden bezala egonda, zifrak mantentzen ari dira; merkatua zabalduz salmenta ahalmena handitu dute… oso lehiakorrak direla esango nuke nik», esan zuen amaieran Ormaetxeak.