Amenabar eta Moyua enpresen esku gelditu da hondartzaren berregitea
Amenabar eta Moyua izango dira hondartza berregituratu eta berreskuratzeko proiektua aurrera eramateaen ardura edukiko duten enpresak. Hala erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Berreskuratze lanak urte eta erdi beranduago hasiko dira, eta datorren udarako bukatzea da asmoa
Hondartza berreskuratzeko proiektua Amenabar eta Moyua enpresek sortutako UTEaren esku laga du Eusko Jaurlaritzako Garraio, Herri-Lan eta Etxebizitza Sailak.
2005ean babes dikeko obrak hasi zirenetik, herriko hondartzaez da erabilgarri egon. Orain, Agustin Errea udal arkitektoaren proiektua gauzatuta, datorren udarako erabilitzeko moduan egotea lortu nahi dute.
Lanak behar luketena baino urte eta erdi beranduago doaz hastera, baina momentuz ez dago lanen hasierako data zehatzik. Iñaki Arriolak zuzentzen duen sailetik «laster» hasiko direla adierazi dute.
Hondartza berreskuratzeko obrak bi milioi euroko aurrekontua dauka, eta portua berreskuratzeko plan bereziaren baitan kokatua dago. Enkantea 2,5 milioi eurotik jaitsi ondoren egin zen obraren esleipena.
Hondartza handitu
Hondartza berregiteko proiektuaren arabera, 1.500 metro koadroko bigarren igerileku bat, azalean eta bistan egongo den 6.300 metro koadroko hondartza eta ur azpian egongo den 11.000 metro koadroko hondartza eremua izango ditu. Hondartza berriak, guztira, 28.000 metro koadro izango dituela azaldu zuen proiektuaren egile Agustin Erreak urtarrilean.
Hondartza handitzeko, 20.000 metro kubiko hondar ekartzeko asmoa dute, eta horrela, begi bistan dagoen hondar eremua handitzeaz gain, gaur egun haitzek betetzen duten eremua hondarrez estaliko dute.
Natur Taldea eta Berdeak
Obra hastera doazenaren jakinarazpena Mutriku Natur Taldeak eta Berdeak Independenteak egindako azken salaketaren ondoren egina izan da. Duela hiru aste hondartza eta igerilekuko obra hasteko epea amaituta zegoela salatu zuten.
Bi plataformek adierazi dutenez, hondartza berreskuratzeko proiektua 2009an baimendua izan zen, eta 18 hilabeteko epean amaituta behar zuen egon.