Santo Tomasi aurrea hartuta
Hasi dira Santo Tomasak han eta hemen; asteburuan Ondarroan jaigunea prestatu dute, Mutrikun plaza bete du nekazal azokak, eta Ziortza-Bolibarren herriko jaiei hasiera eman eta urteetan atzera egitea lortu dute.
Santo Tomasetan azoka han eta jaia hemen ibiltzen dira eskualdeko herriak. Asteburuan martxan jarri direnak, Ondarroa eta Ziortza-Bolibar izan dira. Mutriku ere ez da atzean gelditu.
Azokak antolatu eta herriko txokoak jai gune bihurtzea gaur egun egiten jarraitzen den urte luzetako kontua da. Mutrikun eta Ondarroan 10:00etan ekin zioten ospakizunari.
Mutrikun herri guztian nabaritzen zen jai eguna zela. Goiko Plaza inguruak, ordea, ukitu berezia zuen. Bertan zegoen azoka, eta bertan bildu zen jende gehiena. Herriko hainbat baserritarrek parte hartu zuten. «Gaurko egunean salmentak ez dira bereziki onak izaten, baina jaia bultzatzeko parte hartzen dugu», zioen euretako batek.
Nota beltzik ere egon zen, ordea. Eguneko jendetzaz baliatuta, 50 urte inguruko emakume bat eta bi gizonezko billete faltsuekin tabernetan zein bestelako postuetan iruzur egiten saiatu ziren, eta kasu baten behintzat, lortu ere egin zuten.
Betsoak mugaren bi aldeetan
Mutrikun bezala, Ondarroan ere ez zen jai girorik falta izan. Eta eguraldiak lagunduta, gainera, asko izan ziren zubi zahar ingurura bildutakoak.
Azken urtetan ohitura duten bezala, txorizoa eta taloa banatu ziren Zubi Zahar Ikastolak antolatutako txosnan. Musika eta bertsoekin alaitu zituzten bertaratu ziren guztiak.
Ondarroan bezalaxe, Mutrikun ere bertsoek izan zuten euren tartea. Izan ere, 13:30ean, udal pleno aretoan Okelar Txapelketako sariak banatu ziren. Herritarrei zuzendutako atalean, gazte mailan, Jon Galarraga izan zen irabazlea eta helduetan, Abel Irizar.
XXVI. Bertsopaper Lehiaketan, berriz, gazte mailan, Jone Alberdiren bertsoak izan ziren onenak eta helduetan, Aitor Albisturrenak. Xabier Astigarraga herritarra bigarren gelditu zen.
Atzera egindako bidaia
Santo Tomasak oso bereziak dira Ziortza-Bolibarren. Herriko jaiak ospatzen dituzte. Aurten jaialdiaren erroak erakutsi dituzte.
Txupinaren eztandak eman zien hasiera jaiei. Arratsaldean Bide Batez erromeria taldearekin giro polita sortu zen arren, ez zen guztiz berotuko iluntzera arte.
Baserritarren jaialdia zen eguneko ekitaldi nagusia, eta asko ziren hura prestatzen edo haren zain zeudenak. Polunpak Zanpantzar taldeak bidea zabalduz , kalejiran atera ziren hainbat lagun herrian zehar: lehenengo etxeko jabeak (jaun-andreak); jarraian, baserritarrak hegaztiekin eta ondotik, beste baserritarrak ortuari (kalabaza, indar, piper, intxaur, sagar, arrautza etab.ekin ) eta lan tresnekin ( igitaia, eskobara, atxurra…). «Aintzinako ohiturak berritzea zen asmoa», esan zuten Aranbaltz Elkartekoek.
Kalejira bukaera plazan izan zen. Han, lehen egin ohi zen bezala, errenteroek hegaztien bidezko ordainketa egin zieten etxe jabei . «Ikertzen aritu gara, eta hala egiten zela topatu genuen. Momentu horren parodia egitea zen asmoa». Parodia bertsotan egin zuten. Ondoren, gaztaina erre gozoak, gazta, menbrilo eta intxaurrak jan zituzten, jai giroan.
Gaur da Santo Tomas
Santo Tomas Eguna, berez, gaur da. Eta egunesan bertan ospatu nahi izan duenik ere badago.
Lekeition azoka egingo dute. 10:00etatik aurrera zabalduko dituzte ateak. Ziortza-Bolibarren jaien azken eguna izango dute: txistulariak, meza eta atzetik, txorizo eta talo jana.