Bizitegi lurzoruaren gehiegizko eskaintza kritikatu du Aralarrek
Herrietako plana egiterakoan proposatzen diren lurzoruen handitzeak eta zabaltzeak gehiegizkoak direla kritikatu du Aralarrek
Hiri antolamendurako plan nagusiak egiterakoan Lea-Artibaiko hainbat herritan proposatu duten bizitegi lurzoruaren gehiegizko eskaintza kritikatu du Aralarrek. «Etxebizitzetarako kopuru neurrigabea ematen da ia-ia udal guztietan», nabarmendu dute alderdi horretako kideek.
Azken urteetan Lea-Artibaiko herri guztietan Hiri Antolamendurako Plan Nagusia eztabaidatzen egon dira, eta Aralarrek udalerriek dituzten egitasmo orokorrak aztertu ditu. Ia udal guztietan biztanleen igoera izoztuta dagoela diote eta plangintza urbanistikoa, berriz, goranzkoa dela. «Biztanleen igoera etorkinei esker eman da bakarrik, bestela izoztuta dago», diote.
Bestalde, etxebizitza huts asko dagoela ikusi dute. Besteak beste, 540 Markina-Xemeinen, 800 Lekeition eta 500 Ondarroan. Udalek etxe horiek kaleratzeko ezelako plangintzarik ez dutela egin zehaztu dute Aralarrekoek. «Era horretako etxebizitzak kaleratu egin beharko lirateke; esate baterako, administrazioen kudeaketaren bitartez alokairu soziala sortuz».
Aulesti, Amoroto, Berriatua, Mendexa eta Munitibar dira , besteak beste, udal egitasmo orokorrak berraztertzeko bideratze lanak egiten hasi diren udalerriak, eta Hiri Antolamendurako Plan Nagusien irizpide gidariak ezartzeko proposatu duten lurzoru urbanizatuaren handitzeak eta zabaltzeak gehiegizkoak dira, Aralarren ustez. «Eusko Jaurlaritzako Informazio Geografikoko Sistema eta Lurralde Datu Bankuak egiaztatutako datuen arabera, bost udalerrien biztanle kopurua mugatua da –374 eta 1.160 biztanle artekoa–, eta etxebizitza kopuru altu samarra dute –178 eta 480 artekoa–», azaldu du Aralarrek.
Horren arabera, okupazio indize orokor txikia dago, 1, 11 eta 2,42 artekoa eta, guzti horri, oraindik egin barik dauden 87 eta 200 arteko etxebizitza barriak gehitu behar zaizkio. «Datu horien arabera, bost udalerri horiek lurzoru urbanizagarriaren bizitegi area aukera zabala dute. Beraz, lurzoru urbanizagarriaren zabaltzea ez da beharrezkoa», diote.
Bost herri horien artean, egoera kezkagarriena Munitibarren ikusi dute. «386 biztanle ditu herriak eta 347 etxebizitza daude, beraz, etxebizitza bakoitzeko 1,11 pertsona bizi da; 87 etxebizitza egin barik daude eta 155 egitea proposatu dute. Beraz, danetara 242 dira. Aurretik dauden 347 etxebizitzei batuta, etxebizitza barriak guztira 589 izango dira Munitibarren, 386 lagunentzako».
Bestalde, Berriatun hazkunde neurrizkoagoa nabaritu dute. Egiteko falta diren 78 etxebizitzak batuta, 278 etxebizitza proposatzen dituzte.
Markina-Xemeingo plan orokorraren berraztertze prozesua bizitegi lurzoruaren gehiegizko eskaintzaren funts ezaren adibide ezin hobea da, Aralarren ustez. «4.708 biztanle, 2.476 etxebizitza, horietako 540 hutsik eta indarrean dagoen planaren 335 oraindik egin gabe. Hirigintzako garapena 139 etxebizitzetara mugatuz, nahikoa izango litzateke udalerriko premiei soberan erantzuteko», argitu dute.
Aralarrek jakitera eman duenez, aurreikusita zeuden 1.275 etxebizitzetatik 521era murriztea lortu du oposizioak eta kanpoko hazkuntza 47ra mugatzea Bidaurretako eremuan. «Azken egitasmo hori gaitzetsi egin dugu, dentsitate txikiko garapena izanik, ez delako sostengarria», azaldu dute.