Datorren eguenean emongo dute jakitera Udalbiltza auziaren epaia
Datorren eguenean, urtarrilaren 20an, goizean, jakingo da Udalbiltza auziari dagokion sententzia. Lea-Artibaiko kasuan bi pertsona daude Udalbiltzako auzipetuen artean: Loren Arkotxa, Udalbiltzako lehendakari eta Ondarroako alkate ohia, eta Maribi Ugarteburu, Amorotoko alkate ohia. Data zehatza jakin eragin die defentsako abokatuei Espainiako Auzitegi Nazionaleko 1. Salako epaimahaiburu Javier Gomez Bermudezek, probidentzia baten bitartez. Oharrean epaileak ez du aitatu auzipetuak eta abokatuak Madrilera joatera deituko dituenik. Abokatuen esanetan, hain egun gutxiren faltan beste deirik jaso ez denez, «horrek esan nahi du ez dela Auzitegi Nazionalera joan beharrik izango epaiaren berri jasotzera». Barikuan, agerraldia Bihar goizerako iragarri dute komunikabideen aurreko agerraldia Udalbiltzako auzipetuek, Donostiako hotel batean. Beraiekin batera Bai Udalbiltzari Sareko udal hautetsi eta hautetsi ohi zenbait ere egongo dira; baita alderdi politiko, sindikatu eta kultura arloko eragileetako ordezkariak be. Udalbiltza Elkartasuna ekimena osotu zuten pertsonen ordezkaritza bat be bertan egongo da. «Auzipetuon iritzia emoteagaz batera, azken hilabeteotan, epaiketaren inguruan sortu izan den salaketa eta elkartasun mezua agertuko da bertan, eta justizia egiteko modu bakarra Udalbiltzarentzako absoluzioa dela berretsiko da», azaldu dute bi auzipetuek. Euren bien kontra, beste hemeretzi auzipetuen kontra legez, hamarna urteko espetxe zigor eskaria dute egina auziko akusazioek, hau da, ministerio fiskalak eta Dignidad y Justicia elkarteak, «terrorismo» akusaziopean. Elkarretaratze [...]
Datorren eguenean, urtarrilaren 20an, goizean, jakingo da Udalbiltza auziari dagokion sententzia. Lea-Artibaiko kasuan bi pertsona daude Udalbiltzako auzipetuen artean: Loren Arkotxa, Udalbiltzako lehendakari eta Ondarroako alkate ohia, eta Maribi Ugarteburu, Amorotoko alkate ohia.
Data zehatza jakin eragin die defentsako abokatuei Espainiako Auzitegi Nazionaleko 1. Salako epaimahaiburu Javier Gomez Bermudezek, probidentzia baten bitartez. Oharrean epaileak ez du aitatu auzipetuak eta abokatuak Madrilera joatera deituko dituenik. Abokatuen esanetan, hain egun gutxiren faltan beste deirik jaso ez denez, «horrek esan nahi du ez dela Auzitegi Nazionalera joan beharrik izango epaiaren berri jasotzera».
Barikuan, agerraldia
Bihar goizerako iragarri dute komunikabideen aurreko agerraldia Udalbiltzako auzipetuek, Donostiako hotel batean. Beraiekin batera Bai Udalbiltzari Sareko udal hautetsi eta hautetsi ohi zenbait ere egongo dira; baita alderdi politiko, sindikatu eta kultura arloko eragileetako ordezkariak be. Udalbiltza Elkartasuna ekimena osotu zuten pertsonen ordezkaritza bat be bertan egongo da.
«Auzipetuon iritzia emoteagaz batera, azken hilabeteotan, epaiketaren inguruan sortu izan den salaketa eta elkartasun mezua agertuko da bertan, eta justizia egiteko modu bakarra Udalbiltzarentzako absoluzioa dela berretsiko da», azaldu dute bi auzipetuek.
Euren bien kontra, beste hemeretzi auzipetuen kontra legez, hamarna urteko espetxe zigor eskaria dute egina auziko akusazioek, hau da, ministerio fiskalak eta Dignidad y Justicia elkarteak, «terrorismo» akusaziopean.
Elkarretaratze isilak
Datorren eguaztenerako, urtarrilaren 19rako, «ahal den herri gehienetan» elkarretaratze isilak egiteko deia zabaltzen ari dira Udalbiltzako auzipetuak eta herrietako Babes Taldeetako kideak.
«Herri bakoitzean erabakiko da ordua, baina arratsalde-iluntzean izango dira, udaletxeen aurrean, eta elkarretaratze isilak izango dira», iragarri dute. Elkarretaratzeen leloa, Udalbiltza aske! Justizia = Absoluzioa izango da. Asteburuan zehaztuko da herriz herri, kartelen bitartez, kasu bakoitzean ze ordutan egingo den elkarretaratzea. «Herritar guztiei egin nahi diegu deia egun horretan plazara irten daitezen», diote.