Ehun etxebizitza eraikitzeko aukera aurreikusten dute Aulestiko antolamendu planean
Ehun eta hamar. Horixe da, zehazki, herri antolamendurako plan orokorrak aurreikusten duen etxebizitza berrien kopurua. Egitasmoak behin behineko onarpena jaso zuen abenduan, eta herriaren garapenerako irizpideak finkatzen ditu, eta Arruti eta Boyra arkitekto taldearen eskuetan dago. Etxebizitza berrien kopuru handiena herriaren erdigunean eraikitzeko aukera jasotzen du egitasmoak. Eraikitzekotan, aintzinako zerrategian eta Elizosten eraikiko dira gehienak. Azken gune horretan eraikiko dira baestutako etxebizitzak ere; Elizosten mota horretako 14 etxebizitza eraikitzeko aukera jasotzen da. Elizkale eta Aulestia kaleak ere etxebizitzak eraikitzeko leku bezala izendatuta gelditzen dira egitasmo orokorrean. Jarritako etxezbizitza kopuruagaz, planaren aurrerakinean jasotako etxebizitzen kopurua murriztu du Udalak. Izan ere, aurrerakinean 189 etxebizitza berri egiteko aukeraz hitz egiten zen. Aurrerakina udaberrian onartu zen eta hura hobetzeko herritarrek 25 iradokizun aurkeztu zituzten. «Kontraesanetan ez zeudenak eta herriaren etorkizunerako onuragarriak zirenak ontzat emon ditugu. Hor agertzen zen, esate baterako, etxebizitza larregi egitea aurreikusten zela», adierazi du Jon Bollar alkateak. Auzoetan gutxiago eraiki Eusko Jaurlaritzaren lurzoruaren lege berria betez, gaur egun auzo bakoitzean dagoen etxebizitza kopuruaren erdia eraiki ahal izango dute; aurrez pentsatua zegoena baino etxebizitza gutxiago eraikiko dira beraz. Jon Bollar alkateak argitu duenez, auzuneak zaintzea da gura dutena. Horretarako, ondoko irizpideak finkatu dituzte: etxeak eraikitzeko gunea urbanistikoki egokia izatea, partzela eraikigarriek jabe [...]
Ehun eta hamar. Horixe da, zehazki, herri antolamendurako plan orokorrak aurreikusten duen etxebizitza berrien kopurua. Egitasmoak behin behineko onarpena jaso zuen abenduan, eta herriaren garapenerako irizpideak finkatzen ditu, eta Arruti eta Boyra arkitekto taldearen eskuetan dago.
Etxebizitza berrien kopuru handiena herriaren erdigunean eraikitzeko aukera jasotzen du egitasmoak. Eraikitzekotan, aintzinako zerrategian eta Elizosten eraikiko dira gehienak. Azken gune horretan eraikiko dira baestutako etxebizitzak ere; Elizosten mota horretako 14 etxebizitza eraikitzeko aukera jasotzen da.
Elizkale eta Aulestia kaleak ere etxebizitzak eraikitzeko leku bezala izendatuta gelditzen dira egitasmo orokorrean.
Jarritako etxezbizitza kopuruagaz, planaren aurrerakinean jasotako etxebizitzen kopurua murriztu du Udalak. Izan ere, aurrerakinean 189 etxebizitza berri egiteko aukeraz hitz egiten zen.
Aurrerakina udaberrian onartu zen eta hura hobetzeko herritarrek 25 iradokizun aurkeztu zituzten. «Kontraesanetan ez zeudenak eta herriaren etorkizunerako onuragarriak zirenak ontzat emon ditugu. Hor agertzen zen, esate baterako, etxebizitza larregi egitea aurreikusten zela», adierazi du Jon Bollar alkateak.
Auzoetan gutxiago eraiki
Eusko Jaurlaritzaren lurzoruaren lege berria betez, gaur egun auzo bakoitzean dagoen etxebizitza kopuruaren erdia eraiki ahal izango dute; aurrez pentsatua zegoena baino etxebizitza gutxiago eraikiko dira beraz.
Jon Bollar alkateak argitu duenez, auzuneak zaintzea da gura dutena. Horretarako, ondoko irizpideak finkatu dituzte: etxeak eraikitzeko gunea urbanistikoki egokia izatea, partzela eraikigarriek jabe bakarra edukitzea eta etxebizitzako jabe bat egotea, egoiliar bakarrak etxebizitza bat baino gehiago edukitzea ekiditeko.
Gauzak horrela, Ibarrolan 4 etxebizitza barri eraiki ahal izan go dira (aurrez 9 daude), Malatsen 3 daude aurreikusita (aurrez 20 daude), Narean (aurrez 18 daude) eta San Antonen (aurrez 10 daude) 5 egin ahalko dira eta Zuberon (aurrez 15 daude) eta Urriolan (aurrez 14 daude) 6 eraikitzeko aukera jasotzen da.
Etxe kopurua murrizteaz gain, beste aldaketa bat ere egon da: auzunetzat jotzeko 6 etxebizitza egon behar direnez, Solagurenek auzo izaera galdu du hirigintza irizpideen arabera.
Enpresa gunea
Etxebizitzak eraikitzeaz gain, herriaren etorkizuneko antolamenduaren baitan enpresa gune barri bat sortzea ere aurreikusten da. Murlako zerrategi zaharrean kokatu nahi dute.
Murlako enpresa guneak, Okamikak bezala, «eskualdeko ikuspegia» edukitzea nahi dute; eta bertan, zerbitzu enpresek edukiko dute lekua. «Lea Ibarreko enpresa barri guztiak hara bideratzea da gure asmoa».
Bideak mantendu
Oinezkoentzako zein iblgailuentzako bideei ere egiten die erreferentzia egitasmoak.
Ibilgailuentzat aurrerakinean planteatzen zen bidea mantenduko da, baina motzagoa izango da. Ez du errotondarik edukiko eta, Elizosteko lurren atzetik pasata, Sololuziako bidearen zabalera bera edukiko du.
Oinezkoentzako bideei dagokionean, Narea auzorako bidetik Garaur auzora doan biderainoko pasoa berreskuratzea planteatzen da.