Bizitzari begira egindako agurra
Euriak ere ez du lortu Xiri Andonegiren omenaldia gelditzea; bere izaeran eta izatean oinarritu dute ekitaldia
Denetariko eta askotariko jendea bildu zen zapatuan, Atxukale azpian, Xirik egindako gunean. Hura omentzea zuten helburu. Haren bizitza gogoratu eta hark herrian zein herritarrengan lagatako gogoratu eta plazaratzea.
Omenaldia Andonegiren izaerari eta izateari jarraituz prestatu zuten. Hasiera, bere piezez jositako kalejira alai eta koloretsu baten bidez eman zioten. Goiko Plazara heltzean, euria hasi zuen. Herritarrek argi zuten, ordea. Aurrera egin beharra zegoen ekitaldiarekin. «Musika tresnak ezin badute jo, ba kantatu egingo dugu, eta euria bada, ba aterkiak irekiko ditugu, baina gaur Xiriri eskerrak ematea ez digu ezerk galaraziko», erabaki zuten ekitaldiaren motorra izandakoek.
Jarrera horrekin egitarauan iragarritakoa guztiz osatzea lortu zuten. Eta euriak ere Beheko Plazatik aurrera, bakea eman zien.
Atxukalean azpian, hitzek baino emozioek bete zuten lekua. Gaztaina egurrean landutako plaka batez bidez, izendatua gelditu zen, betirako, ingurua: Xiri gunea. Halaxe, zen eta. Betirako, mutrikuarrentzat egindako bateragunea, elkargunea.
Bizitzan, bila joan gabe eta bere gogoaren kontra, Xirik izan zuen protagonismoa, garrantzia, pisua eta presentzia agerian gelditu ziren.
Kulturan zein langile mugimenduan izan, berdin-berdin. Eta behin eta berriz, adjektibo berdinak entzun ziren: «Eskuzabala, konpromiso handikoa, koherentea, artista, langilea… eta guztiaren gainetik, maitea».