Euskalakariak iritsi dira helmugara. Pausoz pauso egin zituzten Busturialdea, Lea-Artibai eta Mutrikuko bideak ere; batzuk egunez, besteak gabaz.Ikusi hemen Korrika17ko argazkiak.
Busturialdeko argazkiak ikusteko klikatu
hemen.
Ispasterko argazkiak ikusteko klikatu
hemen.
Lekeitioko argazkiak ikusteko klikatu
hemen.
Berriatuko argazkiak ikusteko klikatu
hemen.
Ondarroako argazkiak ikusteko klikatu
hemen.
Mutrikuko argazkiak ikusteko klikatu
hemen.
Bideoa ikusteko klikatu
hemen.
Zapatu arratsaldetik domeka goizaldera bitartean bertoko herrietan izan ostean, domeka arratsaldean Donostiako helmugara (Gipuzkoa) iritsi zen hamazazpigarren Korrika. Euskararen aldeko manifestazio erraldoienak milaka lagun batu ditu bi mila kilometrotik gorako ibilbidean eta bertoko herrietan be, jendetza ikaragarria batu da. Euskaraz maitatzeko, ikasteko, aritzeko… eskubidea aldarrikatu dute guztiek eta horretarako, euskara kalera atera dute. Zapatu arratsaldean euskalakarien bisita izan zuen bertoko lehenengo herria Bermeo izan zen. Korrika, Sollubetik sartu zen Busturialdera eta lehen testigua Errigoitiko biztanleek eroan zuten. Igone Olabarria Busturialdeko AEK-ko arduradunak azaldu duenez, «jende asko» batu zen Bermeon. Herriko erraldoien konpartsaren parte-hartzeak «giro oso ona» sortu zuela dio. Bermeon lehenengo harrera jendetsua izan ostean, Euskalakariek Oka ibaiaren ezkerraldea zeharkatu zuten. Mundakan, Sukarrietan, Busturian, Muruetan eta Foruan izan ziren Gernika-Lumora heldu aurretik. Olabarriak Busturialdeko herri txikien parte-hartzea goraipatu du. Bere hitzetan, «Bermeon eta Gernika-Lumon bezala, herri txikietan be, parte-hartze oso handia izan zen». Mundakan eta Busturian, esaterako, «jendetza» batu zela esan du. Euskalakari gehien, halanda be, «Gernika-Lumon» izan ziren. Olabarriaren hitzetan, «furgonetan joan zirenak izugarria izan zela esan zuten». Herri guztia, korrikalariz bete zen eta bide hegalean be, hainbat jende izan zen animatzen. Azkenik, euskararen aldeko manifestazioak Gautegiz Arteaga, Ibarrangelu, Elantxobe, Ibarrangelu eta Ea zeharkatu zituen Lea Artibaien sartu aurretik. Olabarriak dioenez, Busturialdeko ibilbide guztian bezala, herria horietan, asko izan ziren euskararen alde lasterka egin zutenak. Olabarriak jakinarazi duenez, «Hamazazpigarren korrikaren balorazioa oso positiboa izan da Busturialdean». Bere ustez, inoizko Korrikarik jendetsuena izan da. Eguraldi ona egiteak eta zapatua izateak, «jende gehiagok parte-hartzea» ahalbidetu zuela argudiatzen du.
Tipi-tipa, Lea-Artibaira
2.314 kilometroa izan zen Lea-Artibai eskualdean egin zen lehenengoa. 22:23erako prest zeuden korrikalariak Ispasterren. 17. Korrikaren lehenengo lekukoa Ispasterko Udalak eroan zuen. Jende asko batu zen ibilbidean. Handik Lekeitiorako bideari ekin zioten euskalakariek. Kilometro horiek oinez egin zituzten ia-ia, Korrika denbora baino lehenago zetorrelako. Kostaldeko herrian Kitto merkatari elkarteak hartu zuen lekukoa. 22:55erako zen ailegatzekoa lasterketa, eta zer edo zer arinago be ailegatu zen azkanean. Jendetza izugarriak egin zion harrera. Portua jendez gainezka zegoela, Andra Mari eliza inguruan jendea ikusten zen oraindik. Furgonetarik be ez zen ikusten. Eskolape parea be ikustekoa zen. Herri kanpoko ibilbidea ez zen izan erraza. Milloi nahikoa arin pasatu zuten, batez be aldapa gora kontuan hartuta. Aurretik arinago bazetorren, Plazakolara berandu ailegatu ziren korrikalariak. Hartara, 45 minutuko atzerapenagaz sartu zen euskararen aldeko martxa Berriatura. Cikautxoko beharginena izan zen Berriatuko azkanengo kilometroa. 00:50ean jaso zuten lekukoa, 00:05ean beharrean. Gaua ondo sartuta, giro freskoagaz eta «ziztu bizian» egin zuten ibilbidea berriatuarrek eta ondarrutarrek. Arinegi askorentzat. Halaxe sartu ziren Kamiñazpira. Erdigunean, batzuk Itsasaurreko Zubian zeudela, Antiguako Ama kalearen hasieran ikusten zen jendea. Alameda parean kostatu egin zitzaien pasatzea, jendetza eta obrak tarteko. Maiatzaren 29an Ondarroan egitekoa den Ibilaldiak be eduki zuen tarterik. Batean eta bestean Boga leloa entzun ahal zen, batez be, Zubi Zahar Herri Ikastolaren kilometroan. Gipuzkoa gero eta hurrerago zegoen. Bizkaiko azkan kilometroa Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzak egin zuen, bai eta Gipuzkoako lehenengoa be. Mutrikutik Donostiara 01:35 inguruan utzi zuen Bizkaia atzean 17. Korrikak. Zizoko aldapatik sartu zen herrira, Txanbolingo errotondatik. Herri barruan izugarrizkoa izan zen egindako harrera. Goiko Plazan antzerki taldeak mozorrotuta hartu zuen testigua, ohikoa denez. Etxe artean, kale estuetan, emozio berezia sortu zen. Zubiaran parean eta Beheko plazan jende piloa zegoen zain. Umeak logura aurpegiarekin eta nagusiak bizi-bizi animatzen, ordu txikien adierazgarri. Saltaka jende piloa, eta herrian iskanbila. Herri barrutik poliki igaro zen Korrika, baina handik aurrera abiada handia izan zen. «Era guztietan oso positiboa izan da parte-hartzea». Horrela baloratu zuen atzo, Itxaso Beitia AEK-ko kideak Korrikaren joan-etorria Lea-Artibai eta Mutrikun. Ez bakarrik aringa-aringalari kopuruari dagokionean, positiboa bai eta be animatzen edo laguntzen egon den jendeari dagokionean. «Eskerrak emon nahi dizkiogu jende guztiari», zioen. Izan be, asko izan dira kirometroz kilometro, korrika egin dutenak, asko eta asko izan dira lagundu dutenak, asko eta asko izan dira babesa emon dutenak. Tartean hamar ordu jarraian bizikletan Korrikaren atzetik joan den Lekeitioko lagun taldea be egon da. «Gustura egin dugu», adierazi dute atseden hartu ostean. Orain, 17. Korrikaren pausoak hurre-hurre daudenean, hamazortzigarrena datorkie gogora arduradunei. «Aurtengoak animoak emoten ditu urte bi barru hurrengoa antolatzeko».