Karraspioko hondarra zaldien abiaduraren testigu izango da bihar eguerdian
Kirol-Bertso taldeak bosgarren urtez jarraian antolatu du ekimena; hamasei zaldik emon dute izena aurtengoan
Zaldiek lasterka egitean ateratzen duten hotsa eta olatuek euren joan etorrian sortzen dutena nahasten dira Mendexara jende asko erakartzen duen ikuskizunean: aste santuetan zaldiu lasterketak.
Iaz hasitako metodoari jarraituz, izena emoteko aukera egunean bertan jarri beharrean, aurrez zabaldu dute, eta gaur da horretarako azken eguna.
Momentura arte hamasei parte-hartzaile daude: hamar zaldi odol garbikoak eta sei gurutzatuak. . «Odolaren arabera banatzen dira zaldiak lasterketa egiteko. Sei parte hartzailetik gora daudenean lehen lasterketa sailkapenekoa izaten da, eta lehenego seiak pasatzen dira finalera. Kopuru hori gainditzen ez denean, bi lasterketetan lortutako puntuen arabera aukeratzen da irabazlea», azaldu dute.
Parte-hartzaileen artean, Lea-Artibaiko ordezkari bat, Etxebarrikoa eta Busturialdeko beste bat, Gernika-Lumokoa, daude. Horretaz gain,Zumaia (Gipuzkoa) eta Lasarteko (Gipuzkoa) zaldiak, Zornotzakoak (Bizkaia) eta Laredokoak (Kantabria, Espainia) ere egongo dira.
Eatik jasotako ideia
Karraspioko zaldi lasterketa Ean egiten denaren oinordekoa dela esan daiteke. Mendexako elkartekoek handik jaso zuten ideia. Karraspio bezalako ingurune bat edukita eurak ere zaldi antolatu zezaketela erabaki zuten.
Karraspion jartzen duten pistak 550 metro ditu. Odol garbiko zaldiek hiru buelta eta erdi emon behar izaten diote (1950 metro inguru); gurutzatuek, ostera, hiru buelta (1650 metro).
Guneagaz batera, data zen jarri beharreko beste kontua. «Aste santuetan jartzea erabaki genuen bi arrazoigatik: alde batetik, inguruetan jende asko egoten den garaia delako, eta beste alde batetik, aste sartuetan, eguerdi aldera, marea behean egongo dela ziurtatuta daukagulako», azaldu dute. «Denok dakigu mareen eta ilargiaren arteko lotura. Eta aste santuak ere ilargiaren zikloaren araberakoak direnez, hondarra pista bihurtzeko arazorik ez da egongo».
Guztia prest dago biharko saiorako. «Jendeari bertaratzeko gonbitea egin nahi genioke hemendik». Autoz baino oinez hurbiltzea gomendatzen dute. Izan be, Karraspio inguruko aparkalekua parte hartzaileek eurek betetzen dute ia osotasunean. Lasterketak 12:30ean hasiko dira.