Kontuak kontatzen, gero arte
Zapatua. 16:55ak. Musika Plaza bete-beteta dago. Aitzol Aramaioren lagunek prestatutako omenaldia bost minutuan hasiko da. Aurpegi itzalak ikusten dira agertokiaren atzean, aurrean. Isiltasunak berba egiten du gaur. Eta horrela, Aramaiori gustatzen zitzaion lantxerik joan dira minutuak, kontuak kontatzen. Senideek hartu dituzte plazako lehenengo ilarak, eta tristura pixka bat alde batera lagata, irriparreren bat edo beste be egin ahal izan dute. Izan be, omenaldiak oso presente eduki nahi izan du Aitzolen izaera, eta bera modukoa, sentibera eta alaia izan da. Musika, kantuak, irudiak, berbak, emozioak, irriparreak, malkoak… ezer ez da falta izan. Ana Elordi eta Ugaitz Alegriak aurkeztuta, aurpegi ezagunak joan dira pasatzen 70 bat minutuan agertokitik. Botx eta Arrizabalaga igo dira saioa irekitzeko taula gainera. Bertsotan, «zauden tokitik lagundu guri, gure zuzendaria izan», esan diote Aitzoli. Piztiak taldeko Josu Aranbarri eta Txomin Uribe etorri dira gero, eta lagunak oso gustukoa zuen kantua entzun da, ozen, Ni naiz. «Aitzol ezagutu izan dugunok, badakigu zelakoa zen bere umorea, eta hau seguru bera dela». Horretxekin berbekin hasi zen kantuan Gatibuko Alex Sagardui. 17:15. Abestiaren doinupean egin du agerraldia euriak, indarrez. Inor ez da tokitik mugitu. Kanturik kantu, Zubi Zahar ikastolako ordezkariek oroigarria eman diete Aitzolen senideei. Txoriak txori. Argazkiak hasi dira emoten pantailetan. [...]
Zapatua. 16:55ak. Musika Plaza bete-beteta dago. Aitzol Aramaioren lagunek prestatutako omenaldia bost minutuan hasiko da. Aurpegi itzalak ikusten dira agertokiaren atzean, aurrean. Isiltasunak berba egiten du gaur. Eta horrela, Aramaiori gustatzen zitzaion lantxerik joan dira minutuak, kontuak kontatzen.
Senideek hartu dituzte plazako lehenengo ilarak, eta tristura pixka bat alde batera lagata, irriparreren bat edo beste be egin ahal izan dute. Izan be, omenaldiak oso presente eduki nahi izan du Aitzolen izaera, eta bera modukoa, sentibera eta alaia izan da. Musika, kantuak, irudiak, berbak, emozioak, irriparreak, malkoak… ezer ez da falta izan.
Ana Elordi eta Ugaitz Alegriak aurkeztuta, aurpegi ezagunak joan dira pasatzen 70 bat minutuan agertokitik. Botx eta Arrizabalaga igo dira saioa irekitzeko taula gainera. Bertsotan, «zauden tokitik lagundu guri, gure zuzendaria izan», esan diote Aitzoli.
Piztiak taldeko Josu Aranbarri eta Txomin Uribe etorri dira gero, eta lagunak oso gustukoa zuen kantua entzun da, ozen, Ni naiz.
«Aitzol ezagutu izan dugunok, badakigu zelakoa zen bere umorea, eta hau seguru bera dela». Horretxekin berbekin hasi zen kantuan Gatibuko Alex Sagardui. 17:15. Abestiaren doinupean egin du agerraldia euriak, indarrez. Inor ez da tokitik mugitu.
Kanturik kantu, Zubi Zahar ikastolako ordezkariek oroigarria eman diete Aitzolen senideei.
Txoriak txori. Argazkiak hasi dira emoten pantailetan. Isiltasuna sentitua da; txaloak be bai.
Mikel Urdangarinenak izan dira hurrengo minutuak. Ordu txikietan Aitzolegaz-eta kantatzen zuen kantua ekarri du omenaldira, Baratze bat. «Azkan astean, gehienetan, kantuan etorri zait Aitzol gogora», aitortu du. Josu Zabala Hertzainetako kide ohiak hartu du mikrononoa gero, Pakean utzi arte hasi da. Aitzoli asko gustatzen zitzaion abestia ozen entzun da plazan. «Aupa Manolita-eta», animatu nahi izan ditu Zabalak familiakoak.
Kirmen Uribek berba egin du ostean, lagunen partez. Tristurari aurre egin eta indarrak ez dauden tokitik atarata, pasarte polit asko gogora ekarri ditu beti-betiko lagunak. «Aitzol txikitan zen terremotoa. Gustatzen zitzaion Artako mendietara joatea, indioetara ibiltzea, eta domeketan joaten ginen zinemara. Hantxe ikusi genituen lehenengo pelikulak. Hazi egin ginen pixkanaka-pixkanaka. Ez zen ikasle ona, baina halanda be, zineko zuzendaria izateaa ailegatu zen». Punky sasoia, Gaztetxeen sorrera egunak, gaztetako bidaiak, kontu asko eta asko ekarri zituen gogora Uribek. «Pertsona alaia eta sentitua zen Aitzol, eta beharrean, behargin fina, nekaezina. Oso perfekzionista zen». Oso ondarrutarra zen Aitzol, eta jaioterrian pasatu zuen azkan eguna. «Egun ederra izan zen. Asko zegoen esateko, eta ez genuen ia-ia derbirik ikusi be egin». Uribek azaldu du Athleticekoa zela Aitzol, baina aurretik Realekoa be izan zela. «Aita Pedro Angeli oparia egin zion behin. Aita erregalu bat daukat zuretzat. Athleticekoa egin naiz».
Suertea, zu ezagutzea
Mundua ederra ikusten saiatzen zen Aitzol Uriberen esanetan. «Jai Braianetik etxera, esan zidan askotan esaten zidan gauza bat, suerte handia eduki zuela, emazteagaz, umeagaz, familiagaz, lanagaz. Benetan suertea eduki dugunak geu izan gara, bera ezagutu dugunok». Txalo artean laga du Uribek taula, hunkituta.
Aitor Furundarena eta Ixiar Oreja etorri dira gero, trikiti doinuagaz. «Aitzol ezagutu genuen lanean, gero ezagutu dugu lagun moduan, eta ezagutu dugu bere familia, izugarrizkoa, eta ezagutu dugu Ondarroa. Guretzat hamen egotea da ohore bat».
Kalian gora, kalian behera doinuak amaituta igo da agertokira Txomin Letamendi Aitzolen osaba. Laguntza emon eta eskainitako guztiei eskerrak eman dizkie familiaren partez. «Zelakoa zen Aitzol? Uribetarrentzat bosgarren anaia, Dimakoentzat marabilli, Legorretakoentzat Ondarroako tsunami txikia, niretzat maitemintzeko moduko mutila, urre gorrizko bihotza zuena. Erraztasun handia zeukan pertsonak irabazteko, mozorro barikoa zen».
Aitzolen amak, Manolitak, semearen emazteari eskaini nahi izan dizkio azkan berbak. «Oroitz, eskerrik asko gure semea hain zoriontsu egin duzulako, berak esaten zuen moduan, bere andre biekin zeruan bizi zen».
Boga-Boga abestiagaz itxi da omenaldia. The End.
SOSLAIA
Aitzol Aramaio
Mundua hobetu nahi zuen gaztea
Ondarrutarrak kolpe gogorragaz esnatu ziren Aberri Egunean. Atzol Aramaio Bengoetxea (Ondarroa, 1971) hil zen, ezustean. Ez sinisteko albistea.
Zinemagintzan erabat sartuta, lehenengo film laburra 2003an estreinatu zuen, Terminal, Ondarroan heroinak eroandakoak gogoan. Sari asko lortu zituen, tartean Berlinaleko lehenengo saria. Geroago, polizia thriller bat egiteko aukera eduki zuen produktora handi bategaz, baina Aramaiok beste ideia bat zerabilen buruan. SPrako tranbia eroan nahi zuen zinera. Unai Elorriagagaz harremanetan jarri, eta filma aurrera eroan zuen. Un poco de chocolate izenagaz estreinatu zen pelikula 2008an. Aramaioren azkan lana Ibilaldiko bideoklipa izan da. Hor be ondo ikusten da bere izaera. .
Bilbon, Gasteizen eta Legorretan bizi izan da, baina Ondarroara etortzen zen ahal zuen guztietan. Edonon egonda be, «Aitzol marabillosu» zen.