Kirolez beteta dator Sangregoriotako bigarren asteburua
Txirrindu Eguna eta Indar Eguna izenpean datoz San Gregorio jaitekoa azken bi egunak; txirrindua, zesta eta soka egongo dira aukeran
Txirrindu Eguna eta Indar Eguna. Hala izendatu dituzte Sangregorioei amaiera emongo dioten azken bi egunak. Kirolagaz beteta dator astebururako jaien barruko egitaraua. Lau kirol-gertaera izango dira herrian, kirolzaleen atseginerako.
Txirrindu Egunak, izenak erakusten duen legez, txirrinduagaz lotutako bi proba ekarriko ditu. Alde batetik, mendiko bizikleten martxa ikusteko aukera egongo; eta beste alde batetik, errepideko txirrindularien arteko lehia egongo da.
Mendiko bizikleten martxa 09:30ean hasiko da, plazan. Doakoa denez parte hartzea, izena aldez aurretik emon beharrik ez da izango. «Proba hasi aurrean, egunean bertan batuko ditugu aterako direnen izenak», azaldu dute antolatzaileek.
Bi ibilbide egongo dira aukeran: luzeak 30,5 kilometro ditu (malda 1080 metrokoa da) eta motzak, 23,5 (malda 740 kilometrokoa da). Ibilbidean zehar likidoen hornidura topatuko dute parte-hartzaileek. Amaieran, mokadutxoa jateko aukera eta dutxa izango dituzte zain.
15;30ean, bideko txirrindulariek beteko dute errepidea. Zentraleko parean bilduko dira San Gregorio Sariketako parte-hartzaileak eta ingurueko herrietatik pasata, berrio be, Berriatuan izango dute helmuga.
Zelaitik frontoira
Domekan beste bi kirolen txanda izango da; herrian errotutako bi kirol: sokatira eta zesta-punta.
Berriatuak sokatira talde propiorik ez daukan arren, Mutriku Sokatira Taldeko tiralari asko bertakoak izan dira. Berriatuarren presentzia hain izan da nabaria taldean, herri kiroletako erakustaldietan, taldea bitan zatitu eta Mutriku Berriatuaren aurka aritu izan direla. «Azken urteetan Euskal Herriko Txapelketako saio bat berton egitea proposatu izan digute. Gu beti gaude prest euskal kirolari laguntzeko, eta bide batez, herritarrei ikuskizun on bat eskaintzen diegu», dio Imanol Mugartegi alkateak.
Berriatukoa 680 kiloko mailan, lur gainean jokatuko den bigarren saioa izango da, eta domekan, 12:00etan hasiko da.
Zelaia utzi eta Mendibarren frontoira pasako da ekintza, 16:30etatik aurrera. Bertan San Gregori Txapelketako finalak jokatuko dira.
Herriko zesta eskolakoez gain, Markina-Xemeingoek, Lekeitiokoek, Gernikakoek, Durangokoek eta Mutrikukoek parte hartu dute txapelketan. Asteon erabakiko dira final nagusian egongo diren zestalariak zeintzuk izango diren eta maila denetako irabazleenak, domekan.