Hormaetxea eta Atxa jabetu dira San Gregorio Txapelketaz aurreko usteei aurka eginez
Ia partida osoan parekatuta ibili dira Berriatuko bi bikoteak San Gregoriotako zesta punta finalean; azken tantoek erabaki dute txapela nork jantzi
Hormaetxea eta Atxa izan ziren markagailua 30 tantotaraino eroan zuten lehenak, domeka arratsaldean. Eta horregaz, elite mailan San Gregorio Txapelketako irabazle bihurtu ziren.
Berritauko bi bikote zeuden aurrez-aurre aitaturiko finalean. Hormaetxea eta Atxak, Lekue eta Ubilla gainditu behar izan zitzuten txapela eskuratzeko. Hasiera baten azken bikote hori zen faboritotzat jotzen zena. Izan be, ligaxkan elkarren aurka jokatzea tokatu zitzaienean, Lekue eta Ubillak alde handi xamarrgaz irabazi zieten (18-30).
Oraingoan, ostera, gauzak bestelakoak izan ziren. Ia partida osoan indarrak oso parekatuta joan ziren, eta berdinketa ugari ere egon zen. «Partida bizia jokatu zuten. Ikusleek eskertzen duten horietakoa. Tentsioa eta emozioa ez ziren falta izan», adierazi du Berriatuko zesta eskolako arduradun Roberto Lekuek.
21. tantora iritsitakoan gauzak aldatu egin ziren. Hormaetxeak eta Atxak laupabost tanto egitea lortu eta aurrea hartu zieten faboritoei. Hortik aurrerakoak jarraian etorri ziren. Lekuek eta Ubillak beste hiru tanto egitea lortu zuten, baina Hormetxeak eta Atxak ez zioten ateratako aldeari ihes egiten utzi, eta partida poltsikoratu zuten (30-23).
Markinako eskolak bi txapel
Gazte eta kadete mailetan jokatuko ziren finaleko beste bi partidak. Bietan berriatuarrek, markina-xemeindarren aurka aritu behar zuten. Azken horientzat izan ziren bi txapelak.
Kadete mailan, Berritauko aurrelariaren eta Markina-Xemeingo atzelariaren aurkako lehia bikaina ikusi ahal izan zen (27-30). Gazte mailan, Berrituako aurrelariak eskuan zuen lesioak eragin handiegia izan zuen partidan, eta markinarrek uste baino errazago irabazi zuten (23-30).