Denen nahiei erantzun nahian
Herritarren kezkei erantzun nahi die EAJK; garraioa eta enplegua dira beharrerako jarritako alor nagusiak
Aulestiarren «bizitza erraztea» da udalerako EAJren hautagaien nahia. Horretarako, herritarrentzako behar egiteko konpromisoa azaldu dute eta euren arazoak konpontzeko asmoa iragarri. «Aulesti izan dadila, aulestiar denok nahi dugun modukoa», dio Miguel Angel Antxustegi-Etxearte alkategaiak.
EAJren asmoa «herrian dagoena zaindu, galdu dena berreskuratu eta hobetu beharrekoa aldatzea» da. Euren egitasmoa prestatu aurretik, herritarrengana jo izana azpimarratu dute. EAJren arabera, egindako kontsulten emaitzek zera diote: enplegua, garraiobideak eta aisia dira aulestiarren kezka nagusiak.
Gauzak horrela, enpleguaren zein garraioaren arazoak konpontzea EAJren helburu nagusien artean agertzen dira.
Enpleguari dagokionean, enpresak erakarri nahi dituzte eta herritik gertu beharra egiteko aukerak sortu. «Udalak aholkularitza emongo du. Gazteen artean grina ekintzailea sortzea da helburua. Langabeei orientazioa ere eskainiko genieke».
Garraioari dagokionean, joan-etorriak denbora gutxian eta ziurtasunez egitea lortu nahi dute. «Beste Aulesti bat daukagu buruan. Eta helburu nagusien artean, trafikoa herritik ateratzea eta pasealekuak egitea daukagu», gaineratu du Antxustegik.
Helburuak lortzeko, gestioak duen garrantzia ere azpimarratu nahi izan du. «Gobernuan denak gardentasuna, zorroztasuna eta kudeaketa ona beharrezkoak ditu, eta guk hori eskaintzen dugu».
EAJren proposamen nagusiak ondokoak dira. Haien inguruan herritarrek zerbait esan nahi izanez gero edota zerbait gehitu, harremanetarako bidea jarri dute EAJren zerrendakideek: «eaj.aulesti@gmail.com helbide elektronikora idatzi besterik ez dute egin behar. Herritarren ideiak entzuteko beti gaude prest».
Bizi kalitatea
Umeei zein nagusiei arreta eskaini nahi diete. Azken sektore horrentzat etxez-etxeko laguntza hobetzea da asmoa. Hondakinen gaian, etxez-etxeko bilketa martxan jarri nahi dute herri osoan eta saneamendua ere denei helarazi.Etxebizitza sozialen eskaria bete eta wi-fi sarea eskainiko dute udaletxean eta plazan.
Garraiobideak.
Errepideak hobetu, Markina-Lekeitio saihesbidearen proiektua bultzatu eta auto zein onezkoetzako bideak bereiztu nahi dituzte. Bide gorriak eta pasealekuak ere jaso dituzte egitasmoan.
Kultura eta aisialdia.
Adin tarte guztientzako eskaintza bermatu nahi dute: «Herriari bizia emongo dio». Kultur ondarea jaso, berreskuratu eta zaindu.