Barikuan bukatzen da Lea Ibarreko udalekuetan izena emoteko epea
Esukara hutsean izango dira Lea Ibarra Mankomunazgoak uztailaren 5etik 22ra prestatu duen oporraldia ; Aulestiko herri eskola izango da udalekuaren erdigunea
Lea Ibarreko Mankomunazgoak umeentzako udalekuak antolatu ditu uztailerako. Parte hartu nahi duten guztiek bariku arteko epea dute izena emoteko.
Mankomunazgoaren proposamena uztailaren 5etik 22ra bitartekoa da. Ordutegia, ostera, goziekoa: 10:00etatik 13:00etara. Bertan umeen aisialdiari begirako ekimen ugari egitea dute buruan, baldintza bakar bategaz: udalekuak euskara hutsean izango dira.
Udalekuen erdigunea Aulestiko eskola izango da; baina aktibitate gehienak bertatik kanpo egingo dituzte; besteak beste, frontoia eta parkea erabiliz. «Gure helburuak ugariak dira. Horien artean, oporraldiak era originalean gozatzea, asialdirako alternatiba bat eskaintzea, gure ingurunea era ludiko baten ezagutzea, alboko herrietako umeekin harremana izatea eta irudimena eta sormena aktiboki bultzatea daude», adierazi dute Mankomunazgotik.
Udalekua 1999. urtetik 2008. urteen artean jaiotako umeei zuzenduta dago (bi urteak barne), eta adinen araberako taldeetan banatuta egongo dira.
Herrikoak izatea
Munitibar, Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto eta Mendexako umeentzat dira printzipioz Aulestin egingo diren udalekuak. Halan eta be, udalerri horietan erroldatuta ez dauden, baina herriagaz lotura duten umeei parte hartzen utziko diete. Aitaturiko herrietako umeentzako ezarritako kuotak ondokoak dira: ume batengatik 60 euro; familia bereko bi umerengatik, 50 euro eta hiru balira, 45 euro. Herriagaz lotura hutsa duten umeen kuota 75 eurokoa izango da.
Udalekuak Aulestin izanik, inguruko herrientzako garaio zerbitzua jarri dute. «Ordutegi horregaz umeeak bertaratzeko arazoak egon daitezkeela ikusita, autobus zerbitzua jarriko dugu martxan. Doakoa izango da. Komeni, izena emotean garraioaren beharra dutela adieraztea», azaldu dute. «Ahal den neurrian, bertoko begiraleekin behar egin nahiko genuke. Beraz, behar hori egiteko ineresa duten gazteei, lehenbailehen, Suspergintza elkarteagaz harremanetan jartzeko eskatzen diegu».