Elkartasun hariak gero eta estuago
Bi urte pasa dira Ispaster eta Saharako Farfia herria senidetu zirenetik; hangoei laguntzea zuten buruan Ispasterkoek eta ezagutu barik be prest zeuden horretarako; hauteskunde aurrean harremana sendotu dute
Hauteskundeek inguru guztiko energiak eta haizeak hartu aurretik, bisita oso berezia eduki zuten Ispasterren. Aurrez be, telefonoz iragarri izan zien Ispasterrera joateko asmoa zuela, eta oraingoan, Euskal Herrira egin beharreko bidaia bat aprobetxatuta, ez du izan nahi bere herrira itzuli, hurrun bezain hurbil duten Ispaster ezagutu barik.
Hauteskundeen aurretik Karlos Arrizubieta zen alkatea. Telefonoak jo eta linearen beste aldean beste alkate bategaz topo egin zuen: Saharako Farfia herriko Abdalahi Labiad zen. Hain zuzen be, 2009. urtetik, Ispasterrekin senidetuta dagoen herriko alkatea.
Beragaz batzeko nahia adierazi zion, eta bide batez, laguntzen dien herria bertatik ezagutu nahi zuela jakinarazi.
Hilaren 15an, itzultzaile bat alboan zuela heldu zen Ispasterrera. Eta herria bere onenean ezagut ahal izan zuen. Izan be, egun horretan, alde batetik, San Isidro eguneko bazkaria zegoen hirugaren adinekoen elkarteak antolatuta. Ez zuten dudarik egin eta parte hartzera gonbidatu zuten.
Ibilaldia dela-eta, aizkolarien zein harrijasotzaileen beharra ezagutu zuen, desafioko proba berezien bidez. Eta azkenik, Bizkaiko hiru abesbatzen kontzertuaz gozatzeko tartea egin zuten.
Ispaster ez ezik, inguruak ere erakutsi zizkioten Farfiako alkateari. «Asko gustatu zitzaion gure herria, baina baita Lekeitio eta inguruak be», adierazi dute beragaz ibili ziren udal ordezkariek.
Laguntza handia
Hainbat modutako laguntza helarazi diote 2009tik Farfiako herriari. Azken ekarpena, Ainhoa Artetak Ispasterren emondako kontzertuan batutakotik egin dute.
Hasieratik zuten hala iragarria: «Zati bat Saharara bidaliko dugu eta besteagaz herriko armonioa konpondu». Eta 4.000 euro Saharara bidali zituzten.
Labjadek Ispasterrek eurengatik egindako dena eskertuz, zera adierazi zien: «Askatasuna lortzeko borrokan, Ispasterren senidetasuna materialki ez ezik, moralki ere laguntza handia da». Orduko udal ordezkariek ere argi zeukaten: «Ezin genuen senidetasuna gauzak bidaltze hutsera mugatu. Harremana benetakoa izatea nahi genuen,ez sinadura hutsa. Eta hala izaten jarraitzea nahi genuke».