Boga! eginez, jende oldeak hartu du Ondarroa
100.000 lagun inguru elkartu ziren atzo Ondarroan Ibilaldiaren 33. edizioan. Antolatzaileen iragarpenak ere gainditu egin zituen jende oldeak, eta 5,4 kilometroko ibilbidea euskalzalez bete zen. Eguraldi paregabea egin zuen, eta parte-hartzea histori...
100.000 lagun inguru elkartu ziren atzo Ondarroan Ibilaldiaren 33. edizioan. Antolatzaileen iragarpenak ere gainditu egin zituen jende oldeak, eta 5,4 kilometroko ibilbidea euskalzalez bete zen. Eguraldi paregabea egin zuen, eta parte-hartzea historikoa izan zen. Euskal Herri osotik joandako jendea izan zen. Boga! leloari jarraituta, ikastolen proiektuari aurrerabidea emoteko balioko du atzoko jaiaz eta elkarlanaz batutakoak.
Antolatzaileek ere onartu zuten eguraldiak atzo egin zien mesedea. Goizean goizetik hurbildu zen jendea Ondarroara. Hasiera ekitaldian Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eta Blanca Urgell Kulturakoak hartu zuten partea. Horiekin batera, Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura diputatua eta Andres Urrutia Euskaltzaindiako presidentea ere izan ziren.
Zelaak hiru hizkuntzako hezkuntza sistema babestu zuen hitza hartu zuenean. Bizkaiko Ikastolen Federaziotik, berriz, finantzatzeko sistema osoa behar dela azpimarratu zuten: “Ezin dugu jarraitu matrikulazioak atzera botaz, ikasle gehiago hartzeko gaitasunik ez dugulako”, esan zuen Juan Carlos Gomezek. Atzo bildutako dirua Ondarroako Zubi Zahar eta Lekeitioko Resurreccion Maria Azkue ikastolek banatuko dute.