Inbetsioetarako udalaz gaindiko laguntzen beharra egongo da aurten
Berriatuko Udalaren aurtengo aurrekontua, guztira, 1.560.00 eurokoa da; inbertsio errealetarako 100.000 euro gelditzen dira
Inbertsioetarako ahalmen gehiegi barik dago Udala aurten. Zerga-bilketaren bidez jasotako diruaren jaitsiera eta udalaz kanpoko erakundeen laguntzak gutxitzeak dira egoera hori eragin duten faktoreetako bi.
Udalak eskuartean darabilen aurrekontua 1.560.000 eurokoa da, eta hortik inbertsioetarako 100.000 euro gelditzen zaizkio . Gauzak horrela, udalaz gaindiko erakundeen laguntza beharra edukiko du zenbait proiektu aurrera eroateko.
Inbertsioetarako zati handi bat Errege bidea berreskuratzeko proiektuak eroango du. Altzalei zein Bolin etxeko inguruetako zatia egokitzera 30.250 euro bideratuko ditu Udalak.
Horretaz gain, frontoian egokitzapenak egin nahi dituzte. «Eraikinak berak ez du ezer. Oso ondo dago, baina edozein ekitaldi egiteko soinuagaz arazoak egoten dira», azaldu du Imanol Mugartegi alkateak. «Hori kopontzen saiatzea da beste asmoetako bat». Horretarako, ordea, Diputazioaren laguntza beharko dute. Kirol instalakuntzak hobetzeko egindako deialdian Udalak eskaera egina dauka, eta haren erantzunaren araberakoa izango da proiektu horren etorkizuna.
Nabarmentzeko ere, aurten martxan jarri nahi duten proiektuetako bat anbulategi barriaren egitasmoa dela. «Iazko aurrekontuko diruagaz egingo da hori. 150.000 euro erabiliko dira horretarako, eta beharrekin aurten hastea espero dugu».
Azkenik, frontoi atzeko gunean eraiki nahi den eraikinaren proiektua egin nahiko dute, gaztetxea eta udal lokalak hartuko dituzten eraikinarena. Hori be, aurreko proiektuen egoera berean dago, ordea. «Inbertsioetarako gelditu den diruagaz ezingo dugu, momentuz, gehiegi egin, baina aurrekontuaren murrizketek ez dute herritarrek jasotzen dituzten zerbitzuetan eraginik izango», azpimarratu du alkateak.