21 gurasok osatu dute Amankomunazgoaren formazioa programa
«Umeen hazkuntza prozesuan gurasoak heztea». Hori da 21 gurasok osatu barri duten Ikasi hezteko proiektuaren helburu nagusia. Lea-Artibai Amankomunazgoak gurasoei eskaini dien formazio bidea Etxadik (Familia Psikologia Unibertsitate Zentroa) prestatu du. EHUko Psikologia Fakultatearen laguntza be izan dute.
Proiektua 0-2 urteko umeen gurasoentzat prestatuta dago. «Egia esan, guraso izateko prestatu nahi dutenentzako be egokia da. Gurasoei umeen hazkuntza prozesuko oinarrizko jakintza eskaintzen baizaie», azaldu du Etxadiko kide Juan Luis Martinek.
Formazio programaren berritasuna, besteak beste, hura osatzeko bidea izan du. Izan be, gurasoek internetez egin behar izan dute ikastaroa. «Formazioa, orokorrean, oso ongi baloratu dute bukatzea lortu dutenek; 4 punturen gainean, 3,66 emon dizkiote. Baina bereziki gustatu zaien puntuetako bat, internetek emoten dien askatasuna izan da; edozein momentutan materiala eskura edukitzea eta norberak erabakitakoan ekin ahal izatea».
Etorkizuna lantzen
Amankomunazgoko teknikariek zein Etxadikoek gurasoentzako hezkuntza programa guraso guztiei zuzendutako zerbait dela argitu nahi izan dute. «Sarri, horrelakoak arazoak dituzten familientzat direla pentsatzen dugu. Eta ez da horrela. Umetatik heziketaren nondik norakoak zainduz gero, etorkizunean arazoak ekiditu daitezke. Hori horrela izateko, beharrezkoak diren informazioa eta tresnak eskaintzen dizkiegu gurasoei», aitatu du zerbitzu orokorretako goi teknikari Jasone Aranzetak.
Gurasoei emondako formazioak alderdi teoriko zein praktikoak lantzen ditu: lau gai nagusitan bilduta, besteak beste, famili frustazioa, aitaren inplikazioaren garrantzia, gurasoen estresa, umearen garapen psikologikoa eta arauak eta mugak bezalako gaiak lantzen dituzte. «Gurasoentzat interesgarriena Hazkuntzarako giltzak izeneko atala da; hau da, jateko eta lotarako ohiturak, horzkadak edota eskolara ohitzeko prozedurak lantzen diren gaia. Praktikoena da, baina alderdi denak landu beharra dago», aitatu du Martinek.
Gurasoen balorazioa ikusita, hurrengo urtetarako formazio progama errepikatzea ez ezik, beste adin tartetara zabaltzea aztertzen ari da Amankomunazgoa.