Saturrarango kondaira gogora dakarren laburra izan da saritua
Motz-Motzian, Mutrikuko I. Film Laburren Lehiaketa, amaitu da, asteburuan jakin ahal izan da zeintzuk izan diren sarituak Zabielen egindako ekitaldian. Sariekin batera, irabazleek Xiri Andonegiren eskultura baten erreplika jaso dute.
Aran. Izenburu horixe darama Mutrikuko I. Film Laburren Lehiaketako irabazlearen film laburrak. Saturreraren bertan grabatutako irudiekin hondartza horri lotutako maitaleen kondaira dakar gogora Igone Arreitunandiaren lanak.
Irudiak eta Kirmen Uriberen poesi bat elkarlotu ditu Arreitunandiak Motz-Motzian lehiaketako 18 urtetik gorakoen saria bereganatzeko. Ikus-entzunezko materiala eskuratzeko 300 euroko erosketa txartela izan da eskuratutakoa.
Beste sari bat ere egon da. 18 urtetik beherakoetan Moxol Team taldeko mutikoen lana izan da saritua. Saria, bideo kamara bat izan da.
Horretaz gain, epaimahaiak saritu ez baina nabarmendu nahi izan duen beste film bat ere egon da: Jon Bergararen Te Dua-k Accesit saria jaso du. «Sari banaketara arte sekretupean gorde ditu epaimahaiak sarituen izenak. Antolatzaileoi ere ez dizkigute eman nahi izan».
Epaimahaiko kideak eurak izan ziren Zabiel Etxeko ekitaldian lehiaketa nork irabazi zuen argitu zutenak. «Ez da erraza izan irabazlea aukeratzea. Lan guztiek zuten zerbait berezia eta epaimahaikide denak ados jartzeko geure artean debate handia eduki dugu», zioen epaimahaikideetako batek ekitaldiaren amaieran.
Irabazleek aitatutako sariez gain, oroigarri bana jaso zuten. Oroigarriak Xiri Andonegi zenaren eskultura baten tamaina txikiko erreplikak ziren. «Lehiaketako oroigarriak berak egitea izan zen lehen ideia, baina, tamalez, gure artetik joan egin zen. Xiri eta sormena elkarlotuta ulertzen diren bi izen dira, eta Motz-Motzianek sormena bultzatu nahi zuen aldetik, sariei bere izena jartzea erabaki genuen. Erreplikak Zumaiako eskultore batek esku laga genituen, eta pozik gaude emaitzarekin».
Film-en atzeko aldea
Motz-Motzian lehiaketa ikus-entzunezkoen arloan profesionalak ez diren herritarrentzat prestatu zuten hasieratik. Herritarren parte hartzea antolatzaileentzat zein parte hartu dutenentzat «aberasgarria» izan izana nabarmendu nahi izan dute.
Sormena lantzeaz gain, istorioa sortzetik kamara aurrera eraman arteko bidea ezagutzeak , parte hartzaileei filmen atzean dagoen lana baloratzeko balio izan diela uste dute antolatzaileek. «Kamara aurrean ere jarri dira herritarrak, gauza berriak egin dituzte… harro eta pozik gaude lortutako emaitzarekin. Bigarren edizioa prestatzeko indarrak ere eman dizkigu honek!».