Zukua atara diote jaiari
Mozorro lehiaketak gauera arteko jaia zabaldu zuen astelehenean; martitzenean txiki eta nagusien txanda izan zen eta horrenbestez aamaitu ziren aurtengo San Martin jaiak
Amorotarrek «primeran» pasatu dituzte herriko jaiak. Barikuan hasi eta atzora arte batera eta bestera ibilita, festari zuku guztia ateratzen asmatu dute.
Jaietan herri guztiak itxaroten duen momentu horietako bat izaten da mozorro lehiaketa. Herriko taldeak izaten dira bertan parte hartzen dutenak. «Herritarrek parte hartu eta ondo pasatzeko jarri genuen. Edozer izan daiteke, play back-a, desfilea, antzerkia… forma ugari hartzen ditu», azaldu dute jai batzordetik.
San Martin Egunean egiten dute mozorro lehiaketa. Eta arratsaldean bertan emoten dute izena taldeek. Aurten hiru talde animatu dira. Eskolako haurrak eta gurasoak andaluz jantzi ziren, gurdi, asto eta guzti. Herriko gazteenak izan ziren beste parodia biak: amoroto-cibeles eta udako abestia. Jendeak ederki pasa zuen haiekin. Barreak ugari. Azkenean, Espainiako hegoaldeko erritmoak ekarri zituztenak izan ziren garaile.
Atzetik, bertso-poteoa izan zen. Kartelean iragarrita, Potxis, Toko eta Ander Elortegi. Baina egunean bertan, herritar bat be gehitu zitzaien: Angel Bermeosolo Zintzo.
Mozorro lehiaketatik poteora eta handik erromeriara. Gauean be giroa ezinhobea izan zen. Ze Esatek taldeak, barriro be, plaza betetzea lortu zuen. Gorputzak lagundu arte ibili ziren herrikoak zein ingurukoak.
Atzo, ostera, lasai zegoen herria. Eguerdiko meza amaitu arte ez zegoen ezer iragarria, eta hura izan zen jendearen erritmoa markatu zuena. Meza amaituta, batzuk plazara eta besteak frontoira, txikien pilota partidak ikustera. Nagusiek eguerdian bazkaria zuten, eta arratsaldean barriro, umeak nagusi: pailazoak, txokolate jana… Egun ezinhobea, primerako jaiei amaiera emoteko.