Lekeitioko baxurako arrantzaren istorioa batu du liburuan Josu Erkiagak
Lekeitio izan denaren eta denaren testigantza jaso du Josu Erkiagak Baxurako arrantza Lekeition (1960-2010) liburuan. Urte biko lan sendoaren ondoren, 50 txalupa baino gehiagoren informazio eta testigantzak batu eta txalupen argazkiekin osotu du liburu...
Lekeitio izan denaren eta denaren testigantza jaso du Josu Erkiagak Baxurako arrantza Lekeition (1960-2010) liburuan. Urte biko lan sendoaren ondoren, 50 txalupa baino gehiagoren informazio eta testigantzak batu eta txalupen argazkiekin osotu du liburua.
Hiru arrazoik bultzatu zuten Erkiaga, Lekeitioko izatean garrantzi handia duten, baxurako ontzien gaineko lana egitera. Alde batetik, bere aita eta haren belaunaldiaren izatea markatu zuelako; bestetik, 30 urtetik beherako jendeak, baxurako arrantza Lekeitiorentzat zer izan den, ezagutzen ez duelako; eta azkenik, portuan 30 ontzi egon ziren edo ez eztabaidak jakinmina sortu ziolako.
Kapitainian eta kofradian informazio asko aurkitu du liburuaren nondik norakoak zehazten joateko, eta informazioa lortu ahala sorpresa askogaz topatu da Erkiaga. Halan jakin du 50 urtetan 58 txalupa egon direla Lekeition, eta bakoitzaren argazkia eta hasierako eta amaierako tripulazioa batu ditu liburuan. «Baxurakoak eta arrastekoak batuta 32 txalupa egon dira inoiz, eta lekurik ez zegoela eta kanpoan egoten ziren batzuk», gogora ekarri du Erkiagak.
Liburua entziklopedia antzeko bat da, eta txalupen datuez gainera, harrapeketen datuak, herriko 200 bat pertsonen ezizenen zerrenda eta Lekeition egon diren lau ontziolen informazioa be jasotzen du.