«Nomaden azken portua» bihurtuko da Lekeitio barikuan
Herriko musika banda eta Oreka Tx taldea elkarregaz ariko dira; Nomadak Tx beharreko doinuen moldaketak dakartzate
Kontzertu «berezietan berezia» prestatu du herriko musika bandak: Ttakun Band. Nomadak Tx beharreko kanten moldaketak izango dira ikuskizunaren bizkarrezurra eta bihotza bandako kideek eta Orekako Tx taldekoek jarriko diote.
Txalapartagaz elkarlana aritzeko nahia izan da Takun Band-en izateko arrazoia. «Nomadak Tx beharra eta gurea elkartu egin nahi genituen. Kultura ezberdinetatik jaso dute herrialde ezberdinetan. Lekeitio bidaia horretako azken portua izatea da ikuskizunaren ideia nagusia», azaldu zuen bandako zuzendari Urtzi Iriondok, atzo, emanaldia aurkezteko egindako ekitaldian. «Ikuskizun hau posible izango da Oreka Tx-eko kideak, pertsona moduan ez ezik, musikari bezala duten kalitateari esker, eta hori benetan da eskertzekoa».
Emanaldian eskainiko dituzten kantuak bandarako moldatuak izan dira. Behar hori Jokin Zabalza, Juanma Saez eta Jabi Ituarteren artean egin dute. «Kantu berriak entzutea modukoa izan da. Moldaketak bere horretan hain ziren ederrak ze, tarteka, gure beharrik ere zutela pentsatzera heldu garela. Esentzia hor dago, baina garapena bestelakoa izan da, eta azken emaitza bikaina da», nabarmendu zuen Oreka Tx taldeko Arkaitz Martinezek. Moldaketekin oso gustura agertu zen Martinez, eta kantuetako baten entzule hutsak izango zirela adierazi zuen.
Esperientzia berdina
modu ezberdina
Oreka Tx taldekoek hasieratik begi onez ikusi zuten proiektua. «Nomadak-ek kulturartekotasuna bilatzen du. Herriko musikariekin, profesionalak ez direnekin aritu ginen eta dena Euskal Herritik kanpo. Asko poztu gintuen Urtziren deiak. Behar hori berton egiteko aukera luzatu zigun», azaldu zuen Martinezek. «Esperientzia berdina, modu ezberdinean bizitzea suposatu du bandarekin aritzeak».
Parekotasunak piezen oinarrian eta izaeran ez ezik, ikuskizunaren itxuran be egongo dira; interpretatutako diren kantuak irudiz lagunduta egongo dira eta. «Irudiak baina, zuzenean emitituak izango dira, eta ez modu sinkronikoan», azpimaratu zuen Martinezek.
Kantuak interpretatzerako orduan, Orekakoek eta bandakoek beste zenbait kide izango dituzte lagun. Saharako abestiak interpretatzeko orduan, esaterako, Orekakoekin lehen be aritua den Aziza Brahim egongo da oholtza gainean. Mixel Ducau be bertan izango da instrumento ezberdinekin. «Ezustekoren bat edo beste ere izango da, baina hori horrela utziko dugu egunera arte», zioen irribarrez Iriondok.
Dei bat baino gehiago
Nomadak Tx beharreko kantuen moldaketak interpretatzetik haratago, ikuskizunerako espreski kantu bat sortu nahi izan dute. Kantu horren bidez, Oreka taldeak eta herriko bandak komunean zeukatena azaleratu nahi dute. «Gu eta bizi garen ingurua eta Oreka batzen zituen gauzetan pentsatzen hasi ginen, eta Mikel Laboa, egurra, Sahara… atera ziren», zioen Iriondok.
Ikuskizunerako sortutako kantua Teresa Zabalzak egin du. « Komunikazioa zen oinarrian nuen gaia. Azken egun hauetan gertatu den guztiaren laburpena egitea tokatzen zitzaidan nolabait, sortu den mugimendu guztia azaltzea… barikuan oholtza gainean gertatuko dena islatzea… eta hori egin nahi izan dut Dei bat kantuan».
Gonbitea egina gelditu da. «Zer izango den ikusteko, onena bertaratzea izango da», zioen Iriondok. «Ikuskizun hau bandako kideek egin duten beharrari esker, ikusten ez den behar guzti horri esker, egin ahal izan da; . Harro nago egin duten guztiaz, eta harro nago, benetan, daukadan musikari taldeaz».