Itzelezko giroan joan dira karmenak
Zelaiko paella jana eguraldi txarrak eragotzi duen arren, Karmenak ez dira horregatik zapuztu, ezta gitxiagorik be. Jairako gogoagaz egon dira, kontu egizu, markinarrak. Izan be, aurtengo Karmenak «itzel» joan ei dira giro aldetik, edozein adineko herritarrei galdetuta be. Ekitaldi guztietan egon den parte-hartze zabala nabarmendu dute. Parte-hartze nabarmena Txosna batzordearen jaiagaz hasi dira aurten karmenak, hilaren 14an. Gazteen afarian 80 lagunetik gora batu ziren, iazko bikoitza. Gauean be ez ei zen girorik falta izan. Hilaren 15eko txupinazoko unea be, badoa urtetik urtera indartzen, eta gero eta jende gehiago batzen da Goiko Portalean. Aurtengo jaien hasiera, gainera, oso berezia izan da, Xemein abesbatzak bi abesti eskainita udaletxeko balkoitik. 35 urte bete ditu koruak, eta aurreko asteburuan eskainitako emanaldi bikaina oraindik ere markinarren gogoan zegoen, artean. Koloretako puxika eta konfetiek bete zuten plaza, Alarabi herrikoiaren begiradapean. Bizikletan poteoan urtetea be, nahiz egitarauan aipatuta egon ez, gazte koadrila askorentzako ohitura bihurtu da jada Karmen bezperan. Hori eta koadrilako kamisetak eta prakak janztea, noski. Danborradan, barriz, aspaldiko danbor jotzaile gehien ibili da aurten: 350. Bariku gaua oso erraz luzatu ei zitzaien markinarrei. Albo herrietako jende asko ibili zen herrian, gainera. Zapatuan, Karmen Egunean, eguerdian kontraste deigarriak batzen ziren kaleetan: bezperatik erretiratu barik zebiltzanak, eta [...]
Zelaiko paella jana eguraldi txarrak eragotzi duen arren, Karmenak ez dira horregatik zapuztu, ezta gitxiagorik be. Jairako gogoagaz egon dira, kontu egizu, markinarrak. Izan be, aurtengo Karmenak «itzel» joan ei dira giro aldetik, edozein adineko herritarrei galdetuta be. Ekitaldi guztietan egon den parte-hartze zabala nabarmendu dute.
Parte-hartze nabarmena
Txosna batzordearen jaiagaz hasi dira aurten karmenak, hilaren 14an. Gazteen afarian 80 lagunetik gora batu ziren, iazko bikoitza. Gauean be ez ei zen girorik falta izan.
Hilaren 15eko txupinazoko unea be, badoa urtetik urtera indartzen, eta gero eta jende gehiago batzen da Goiko Portalean. Aurtengo jaien hasiera, gainera, oso berezia izan da, Xemein abesbatzak bi abesti eskainita udaletxeko balkoitik. 35 urte bete ditu koruak, eta aurreko asteburuan eskainitako emanaldi bikaina oraindik ere markinarren gogoan zegoen, artean. Koloretako puxika eta konfetiek bete zuten plaza, Alarabi herrikoiaren begiradapean. Bizikletan poteoan urtetea be, nahiz egitarauan aipatuta egon ez, gazte koadrila askorentzako ohitura bihurtu da jada Karmen bezperan. Hori eta koadrilako kamisetak eta prakak janztea, noski. Danborradan, barriz, aspaldiko danbor jotzaile gehien ibili da aurten: 350. Bariku gaua oso erraz luzatu ei zitzaien markinarrei. Albo herrietako jende asko ibili zen herrian, gainera.
Zapatuan, Karmen Egunean, eguerdian kontraste deigarriak batzen ziren kaleetan: bezperatik erretiratu barik zebiltzanak, eta zaindariaren egunean dotore-dotore jantzita urtendako herritarrak. Zerutxu taldeko dantzariek, beste behin be, trebetasun itzela erakutsi zuten udaletxe aurreko saioan. Iluntzeko bertso saioan be jende piloa batu zen Uhagon kulturguneko kanpoko zelaian.
Eguraldiaren mamua
Eguraldiaren mamua hor egon da jaiak hasi ziren unetik: domekarako, paella egunerako, aurreikuspena txarra zen, euria zegoen iragarrita. 2.600 pertsona inguru zegoen izena emonda herri bazkarian parte hartzeko, inoizko gehien, baina… zer egin euriagaz?
Jai Batzordeko kideek telefono bidezko mezuak erabilita ipini ziren kontaktuan koadrila bakoitzeko ordezkariekin. Hitzordua ipini zuten domeka goizeko 9etarako, zer egin erabakitzeko. Eta ordurako zirimiria martxan zegoen. Ezingo zen Zelaian egin ospakizuna. Baina, horregatik inork be ez zuen atzera egin; frontoi txikian, Bekobentan, garajeetan edo txokoetan, herri bazkaria egin egin zen, nahiz sakabanatu behar izan. Bazkalosteko Herri Txoue da hurrengo karmenetarako geratu den gauza bakarra, halabeharrez eguraldi eguzkitsuaren itxaropenagaz batera.