Barinagako sanantonak giro onean
Nahiz eta hotz egin, giro bero-beroa izan dute barinagarrek jaietan. Eguraldia be lagun, asko izan dira sanantonetako ekitaldietan parte hartu duten auzotarrak eta inguruetako bizilagunak. Iturritxu elkarteko mahaiak bete egin ziren zapatuan. Briska tx...
Nahiz eta hotz egin, giro bero-beroa izan dute barinagarrek jaietan. Eguraldia be lagun, asko izan dira sanantonetako ekitaldietan parte hartu duten auzotarrak eta inguruetako bizilagunak.
Iturritxu elkarteko mahaiak bete egin ziren zapatuan. Briska txapelketak sekulako parte hartzaile gehien erakarri zituen Barinagara, eta 32 bikote aritu ziren joa eta ke norgehiagokan. Azkenean, danetatik trebeenak Jose Antonio Garitagoitia eta marije Antxia izan ziren, bigarrenak Jabier Elu eta Feli Apoita, hirugarrenak Kontxi Gerediaga eta Emili Bernaola eta laugarrenak Juan Mari Odiaga eta Mari Urberuaga.
Arratsaldeko txapelketa jendetsua izan bazen, berdin gertatu zen gabeko afariagaz. 80 lagun elkartu ziren Iturritxun ederto afaldu eta Gardokiren doinuekin dantzan egiteko.
Giro onean ospatu zen bai eta be domekako bertso saioa. 130 lagunek bete zuten Barinagako eliza eta jaialdi polit bategaz gozatzeko aukera izan zuten. Gai jartzaile modura aritu zen Jose Felix Zamakola abadearen eta lau bertsolarien artean: Aitor Sarriegi, Alaia Martin, Arkaitz Estiballes eta Julio Soto.
Jaiekin amaitzeko, bihar, San Anton Eguna ospatuko da eta 12:30eko mezagaz gainera, erretiratuentzako bazkaria egongo da Iturritxu elkartean. Jaietako janariz betetako orgaren zozketa be bertan egingo dute.