Espainiako Loteriako hirugarren sariak 12,5 milioi utzi ditu Ondarroan
250 dezimotan dago banatuta saria; bakoitza 50.000 eurokoa da. 64.084 zenbakiaren 45 serie jaso zituen Ondarroako loteria administrazioko saltzaileak, baina hogei itzuli egin zituen, ez zirelako saldu —beste hamar milioi euro lirateke—. Espainiako Loteriako sari nagusia, besteak beste, …
250 dezimotan dago banatuta saria; bakoitza 50.000 eurokoa da. 64.084 zenbakiaren 45 serie jaso zituen Ondarroako loteria administrazioko saltzaileak, baina hogei itzuli egin zituen, ez zirelako saldu —beste hamar milioi euro lirateke—. Espainiako Loteriako sari nagusia, besteak beste, Tuteran, Bilbon eta Derion egokitu da; dezimo bana. Bosgarren sari batzuk ere iritsi dira Hegoaldera.
Espainiako eguberrietako loteriak Hego Euskal Herrian Ondarroan (Bizkaia) utzi du diru gehien: 12,5 milioi euro. Hirugarren sariaren zati bat tokatu da hara —64.084 zenbakia—, eta 250 dezimotan dago banatuta, Aitor Arrizabalaga loteriako administrazioko saltzaileak jakinarazi duenez.
64.084 zenbakiaren 45 serie jaso zituen Arrizabalagak, baina hogei itzuli egin zituen, ez zirelako saldu —beste hamar milioi euro lirateke—.
Zenbakia Ondarroako Egia-Iriondo lasterketa herrikoia antolatzen duen taldeak hartu zuen, eta dezimoak herriko taberna batzuetan utzi zituen salgai.
Arrizabalagak esan duenez, Espainiako eguberrietako loteriak herrian utzitako saririk handiena izan da gaurkoa. Bederatzi mila lagun bizi dira.
Sari nagusiaren —76058— parte bat ere tokatu da Hego Euskal Herrian: Tuteran (Nafarroa), Bilbon eta Derion (Bizkaia) saldu dituzte zenbaki hori daukaten billeteak. Bakoitzeko 400.000 eurokoa da saria. Espainiako Estatuko leku askotan saldu dituzte zenbaki horretako billeteak.
Loteriaren webean ageri da Gasteizko saltoki batean ere saldu dutela dezimo bat, baina saltokiko arduradunak oraindik ez du berria baieztatu.
Ondarroara ez ezik, hirugarren sariaren zati batzuk ere heldu dira Donostia, Corella (Nafarroa) eta Tafallara (Nafarroa).