
Euskal literatur produkzioan formatu berritzaileak sustatzea helburu duen
2013ko Peru Abarka Lehiaketa martxan dago. Album lehiaketa bi ataletan banatuta dago eta lehenbizi
narrazio onena aukeratzeko lehiaketa egingo da. Narrazio lehiaketan 18 urtetik gorako edozeinek parte hartu dezake. Kategoria bakarra dago, helduentzako literatura, eta ipuinak euskara batuan aurkeztu behar dira.
Urtero modura, gaia librea izango da eta ipuinak orijinalak, argitaratu gabeak eta beste inongo lehiaketan saritu gabeak izango dira. Narrazioek, gehienez, 12.000 karaktere izango dute, eta gutxienez 9.000 karaktere, espazioak barne. Lanak DIN-A4 tamainuko orrietan, ordenagailuz eta alde bakarretik idatzita aurkeztu behar dira, Times New Roman izeneko letra mota erabilita.
Aurkezpena
Ipuinaren kopia bakarra aurkeztu behar da gutun-azal itxi batean titulu bategaz zehaztuta eta egilearen izenik barik. Titulu bera idatzi behar da lanaren orri guztien barruan. Gutun azal horren barruan, beste bat sartuko da egilearen datuekin. Lanak Markina-Xemeingo Udalaren Erregistro Orokorrean aurkez daitezke bai eta postaz bidali helbide honetara: Markina-Xemeingo Udala/ Peru Abarka Album Lehiaketa 2013/ Goiko Portala 3/ 48270 Markina-Xemein. Bizkaia.
Narrazio irabazlea aukeratu ondoren, ilustrazio lehiaketa jarriko da martxan. Irabazleak 1.700 euroko saria jasoko du. Lanak 2013ko urtarrilaren 25era arte aurkeztu ahalko dira.