Lanak amaitzean, hamasei aparkaleku egongo dira Santa Katalina komentuaren aurrean. Hori egin ahal izateko komentu aurreko berdegunea ixten zuen pareta bota dute. Era horretan, berdegunea erabili ahal izango dute herritarrek. «Aparkalekuak gehitzeaz gain, berdegunea txukunduko dugu, eta herritarrek orain arte erabili ezin zuten aisialdirako gune bat irabaziko dute», aipatu du Joxean Agirrekomezkorta gobernazio buruak. «Bertan dauden elementuak, Jesusen bihotzaren estatua, esaterako, dauden lekuan mantenduko ditugu».
Aparkalekuak zeharka eraikiko dira, hau da, ibilgailuek baterian aparkatuko dute. Ezinduentzako aparkaleku bat ere egongo da. Ibilgailuentzako prestatutako den gunea eta berdegunearen artean espaloia ere jarriko dute. Horrela, herritarrak lasaitasun osoarekin heldu ahal izango dira komenturaino.
Aparkalekuak gehitu eta berdegunea herritarrentzako berreskuratzeko 21.320,68 euroko inbertsioa egin du udalak. Obra Antzomendi SL enpresa ari da egiten. «Herriko enpresei eman genien egin nahi genuenaren berri. Hiru enpresa aurkeztu ziren, hirurak mutrikuarrak».
Bestalde, abenduaren 3ko batzarrean jasotako iritziak aztertzen ari da udala. «Jasotako iradokizunak eta ekarpenak aztertu eta zirkulazio planari egokitzapenak egiten ari gara orain momentuan».