Denboralea, gain-gainean
Bizkaiko hainbeste tokitan bezala, Lea-Artibain be zenabait errekek eta ibaik gainezka egin dute.
Berriatuan Artibai ibaiak gainezka egin du eta baita Ondarroan be (Errenteria auzoan, Allerika paduran eta Gardotza industriagunearen parean). Lea ibaiak, bestetik, gainezka egin du Oleta auzoan, Amoroton, eta ondorioz, parkea ur azpian geratu da, askotan gertatu ohi den bezala.
Markina-Xemeinen bandoa banatu zuten herritarren artean atzo, uholdeak sor zitezkeela ohartaraziz, eta, horregatik, kotxeak erreka ondotik kentzeko gomendatuz. Hala, kotxeak beste nonbaiten aparkatu ahal izateko plaza bi zabaldu zituzten.
Mutrikun, bestalde, San Milloi auzotik lurjausi bat erori da portura. Horrenbestez, portuko zati hori itxi egin behar izan dute, arazoak ekiditze aldera. Erorketaren ondorioz, ez da ezbeharrik gertatu.Ondarroan, gainera, Artabide kaleko 50 zenbakiaren aurreko mendi zatia jausi da 06:30ean. Zuhaitzak eta lur asko jausi dela esan dute han egon direnek, errepide guztia hartu du lur jausiak eta azpian aparkatuta zeuden bi ibilgailuk kalte handiak eduki dituzte (ibilgailuak garabiak eraman ditu goizean). Bidea moztuta dago oraindik eta garabia dabil lur jausiak utzitako arrastoa garbitzen. Dana dala, oraindik lur zatiak erotzeko arriskuan daudela eta, garabiak lur zati horiek garbitu behar dituela esan dute arduradunek. Errepidea garbitu arte, udaltzaingoa dabil zirkulazioa gidatzen.
Datozen orduetan be egoerak ez duela hobera egingo esan dute meteorologia agentziek. Denboralea dela eta 30.000 etxe daude Euskal Autonomi Erkidegoan argi barik.


