Ezinbestekoa den lizentzia eskatu gabe gero eta obra gehiago egiten ari direla azaldu du Udalak. Gaineratu du, aurrekontua kasu askotan ez dela bat etortzen egingo den obragaz. Ondorioz, Udalak obrak egiteko baimenei buruzko argibideak bidali dizkie obren eskatzaileei eta gremioetako profesionalei.
Obra bat egiteko derrigorrezkoa da Udalaren baimena edukitzea. “Edozelako obra egin nahi denean: etxean, dendan, lokal batean…”, adierazi du Udalak. Eskari horretan egin beharreko lan denak agertu beharko dira. Gainera, zehatz-mehatz azaldu beharko dira gremio denen aurrekontuak.
Lizentzia lortzeko jarraitu beharreko pausuen berri jakiteko egokiena udal bulego teknikora joatea da. Han eskainiko da informazio guztia.
Udalak eskura dituen baliabideak erabiliko dituela adierazi du herriko obren jarraipena egiteko. Horrela, Udalaren baimenik barik edo baimenaren baldintzetara egokitzen ez diren obrak legez kanpokotzat hartuko ditu Udalak. Eta horren ondorioz, espediente zigortzaileak irekiko zaizkie bai obra egiten edo zuzentzen ari denari, baita obra egiten den tokiko jabeari be. Administrazioarentzat biak iruzurraren erantzule izango dira eta horren ondorioei erantzun beharko diete.
Bestalde, gremioetako profesionalei hainbat jakinarazpen egin dizkie Udalak. Hasteko, ezin dira obretako materialak kalean utzi, kontainerretan edo eduki-ontzietan pilatuta laga beharko dira. Gainera, udalak gogorarazi du alde zaharrean obrak egiterakoan jarraitu beharreko araudi berezia dagoela: Lekeitioko Alde Zaharra Osotasunean Birgaitzeko Plan Berezia (PERI).
Udalaren helburua “guztiok arazo honen kargu egitea” dela adierazi dute.