
Bai atzo zein datozen asteetan ondarrutarren kontra egitekoak diren epaiketen aurrean, Frantziako eta Espainiako estatuen jarrera kritikatu du Ondarroako ezker abertzaleak. «Estatuen erasoek ez dute etenik Euskal Herrian, ezker abertzaleak gatazkaren behin betiko konponbidean aurrera egiteko hainbat pauso eman dituen arren, estatuek bere horretan jarraitzen dute». Besteak beste, Urtza Alkorta barriro kartzelara eroan dezaketela salatu dute. Izan be, otsailaren 5ean Madrilen egin zuten bistan bost urteko kartzela eskaria egin zuen Fiskaltzak Alkortaren kontra, ETAri laguntza ematea leporatuta. Abokatuak bost urteko eskaria kentzeko eskatu zuen, akusazioa gezurtatuz.
Konponbiderako sasoia dela berretsi du ezker abertzaleak: «Euskal Herriaren kontra eraikitako salbuespen neurriak bertan behera uzteko garaia da. Gatazkaren behin betiko konponbidea erdietsi nahi badugu, beharrezkoa da sabuspeneko epaitegi horiek desagertzea», adierazi dute.
Horren harira, epaitegi horien oinarriak zeintzuk diren argi daukatela esan dute: erabakiak politikoak dira, euskal herritarren kontra egindako salbuespen legediak aplikatzen dituzte, eta torturapean ateratako deklarazioetan oinarritzen dira.
Mobilizatzeko deia
Euskal jendartearen gehiengoaren nahia «Euskal Herriaren ukazioak eragindako gatazka politikoa eta armatua behin betikoz gainditzea» dela gogorarazita, ezinbestekoa iritzi dute «estatuek Euskal Herriaren kontra diseinatu duten errepresio eta ukazio makineria geldiaraztea».
Horri lotuta, estatuak okerreko norabidean mugitzen ari direla esan dute, eta herritarrei dagokiela erasoen aurrean erantzutea, eta konponbidearen aldeko aldarria egitea. «Herri indarragaz estatuak norabide egokian mugitzera behartu behar ditugu. Mobilizazioetan parte hartzera dei egiten diegu herritar guztiei».
Atzo, 19:30etan, herritarrek elkarretaratzea egin zen Ondarroako Alamendan. 130 lagun inguru batu ziren. Bertan, Zunbel Larreak atzo eduki zuen epaiketaren berri eman zuten. Elkarretaratzea amaitzeko datozen epaiketen eta haien inguruan egitekoak diren mobilizazioen gaineko informazioa eman zuten.
- Zunbeltz Larrearen epaiketaren kronika.