Estibaliz Gardoki herritarra izendatu du Markina-Xemeingo Udalak hurrengo lau urteetarako bake epaile. Ordezkoaren kargua, Ainhoa Egañak beteko du. Erabakia osoko bilkuran hartu du Udalak.
Abenduan egon zen zabalik izena emoteko epea eta zazpi eskari aurkeztu ziren. Horiekin harremanetan jarri, eta egin beharreko lanak zeintzuk ziren azalduta batzuk «atzera egin zuten» Udalak azaldu duenez.
Azkenean, Gardokik eta Egañak beteko dituzte postu horiek.
«Pozik» hartu du bake epaile postua Estibaliz Gardokik. «Gogoagaz nago ea zelako beharra izango den jakiteko», azaldu du.
Gardokik lanpostuaren berri Hitzaren eta Udaleko panelaren bidez jakin zuen, eta bere egoera pertsonala dela eta, «animatu» egin zela azaldu du.
Orain, Gernika-Lumotik egingo dioten deia jasotzeko zain, eta ostean, beharrean hasteko gogoz dagoela azaldu du.
Martxoan hasiko da beharrean bake epaile berria.