Geoparkearen planak partaidetza eta elkarrizketa prozesua ipiniko ditu martxan

60 bat lagun batu ziren atzo, Zabielen, tartean GFAko ordezkariak eta Geoparkeko hiru udalerrietako alkateak
«Geoparkearen proiektua dinamizatu ahal izateko ezinbestekoa da gizarteak proiektua ezagutzea, oinarri soziala zabaltzea». Hori horrela, planak komunikazio, elkarrizketa eta partaidetza prozesu bat abian jartzea jasotzen du Euskal Kostaldeko Geoparkearen Interpretazio Planak. Helburuetan sartuta, planaren helburu nagusia erreminta bat eskura jartzea da, eta Geoparkearen interpretazioarekin zerikusia duten jardueren planifikazioa ahalbidetuko du. Hori azaldu zuten Euskal Geoparkearen Interpretazio Plana egin duten lantalde teknikoko kideek Zabiel Jauregian egindako aurkezpenean. Jordi Pardo Unescoko aholkulari eta proiektu kulturaletako kudeatzaileak zuzendu du plana, eta beragaz batera egon ziren aurkezpenean lantaldea osatzen duten gainerako kideak: Jakoba Errekondo paisajista, Hector Fano geologoa eta Manu Izagirre ondarean aditua. 60 bat lagun batu ziren aurkezpen ekitaldian. Horien artean egon ziren Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendari Roke Akizu eta Geoparkea osatzen duten hiru udalerrietako alkateak, Maider Zubikarai (Deba), Iñaki Agirrezabalaga (Zumaia) eta Mutrikuko alkate Joseba Palenzuela. Zabielen batutako asko, gainera, turismoaren sektorearekin lotura daukatenak izan dira. Mutrikuko Alkate Joseba Palenzuelak eta Geoparkeko Gerente Leire Barriusok egin zuten aurkezpena; ondoren, lantalde teknikoko zuzendari Jordi Pardok hartu zuen hitza, Interpretazio Planaren helburuak eta lerro nagusiak azaltzeko. Interpretazio Plana jasangarritasun irizpideen araberakoa dela azaldu zuen Pardok, eta azpimarratu zuen, beti ere, etorkizuneko mantenu kostuen arrazionalizazioan, jardueraren egokitasunean, erabilera turistiko arduratsuan, bertako herritarren erabilera egokian, ingurumenaren gaineko inpaktuaren kontrolean eta sortzen diren produktu edo zerbitzu interpretatiboen bideragarritasun ekonomikoan oinarrituta dagoela. Azkan batean, Interpretazio Planak Geoparkera hurbiltzen diren bisitariei zer kontatuko zaien, non eta nola jasotzen du. «Planak diskurtso bateratu bat proposatzen du geologia eta planetaren historia kulturarekin eta gizakiak geologia horri eman dion erabilerarekin uztartzen duena, Geoparkean Europako aurrehistoriako paisaia kultural bizia osatzen duena», esan zuen. Jardueren aurreikuspena Diskurtso horretan oinarrituta, Interpretazio Planak hainbat jarduera aurreikusten ditu Geoparkea osatzen duten hiru udalerrietan: besteak beste, gaur egungo azpiegiturak hobetzeko lanak, azpiegitura berrien eraikuntza, Geoparkearen bisibilitatea hobetuko duen bide-seinalizazioa, ibilbide gidatuak eta Geoparkea hobeto ulertzea ahalbidetuko duten ikus-entzunezkoak ematea edota koba bat museo bihurtzea. «Proiektu horiek guztiak fase ezberdinetan garatuko dira, Geoparkearen bilakaera garbi baten baitan, baliabideen disponibilitatearen arabera. Premiazko jarduerak izango dira egingo diren lehenengoak, epe motzean izango da hori». Gainera, proposaturiko diskurtsoa 2013ko bisita gidatuen programaren gidoian sartuko da pixkanaka-pixkanaka. Aurkezpenera joan ezin zutenek edo planaren gaineko interesa daukatenek geoparkea.com webgunean edukiko dute laster eskura. Beste alde batetik, Geoparkeak jakitera eman duenez, 2013ko bisita gidatuak martxoan hasiko dira martxan.
