Lea-Artibai Amankomunazgoa hasi da mobilizazio eta transferentzia ikastaroa egiten
Astelehenean emon zioten hasiera ikastaroari Markina-Xemeinen. Oraindik, beste lau saio dituzte egiteke.
Menpeko pertsonen familia zaintzaileei zuzenduta dago ikastaroa; gauzak horrela, «kalitatezko zainketa bat egiteko teknikak eta beharrezko ezagupenak ikasteko aukera» emon nahi diete parte hartzaileari, eta, horretarako, aldizkako prestakuntza mintegia egitea egoki ikusi dute.
Orotara, bost saio bilduko ditu ikastaroak, eta bakoitzak ordu biko iraupena izango du. Lehen saioa joan den astelehenean egin zuten, eta hurrengoa astelehenean, otsailaren 18an, egingo dute. Gero, otsailaren 25ean eta martxoaren 4an eta 11n bilduko dira. Mintegia fisioterapeuta batek emongo du eta alde teoriko zein praktikoa izango du. Aipatu egunetan 17:00etan hasiko dituzte klaseak eta 19:00etan bukatu.
Besteak beste, lekualdatze, mobilizazio eta noraezean ibiltzeari buruzko teknikak azalduko dituzte bertan; hala nola, mobilizatzeko beharra, postura aldaketak egiteko oinarrizko arauak, gaixoak mugitu aurretik kontuan izan beharreko arauak, mobilizazioan kontuan izan beharreko pausuak, Garuneko Hodietako Istripu bat gertatu ondoren egin beharreko mobilizazioak…
Ikastaroan izena emon gura duenak Bizitzen Fundaziora deitu beharko du (94 623 27 44 zenbakira) edota nerea@bizitzen.org helbidera mezua bidali.