Herria musikaz jazten duelako. Momentu onak pasarazten dituelako. Musikari onek merezi dutelako. Horregatik eta beste hainbat arrazoirengatik erabaki dute Lekeition bandari laguntza emateko taldea sortzea: Lekeitioko Bandaren Lagunak elkartea.
Taldea bandako partaideen gurasoek, lagunek, eta banda gustatzen zaion jendeak osatzen duela azaldu du Alex Elorza kideak. «Bandagaz disfrutatzen dugunok hartuko dugu parte», azaldu du. Musikariak eurak ez dira taldeko kide izango.
Bandaren Lagunak elkartea sortzearen arrazoi nagusia bandari laguntasuna emotea dela azaldu du Alex Elorzak. «Zelako banda daukagun ikusita, beharra ikusten genuen hari laguntzeko elkarte bat sortzea», azaldu du. «Maila altukoa da eta merezi du ekimenak egiten laguntzeak», gaineratu du.
Momentu honetan, lehentasuna uztaileko kontzertua egin ahal izatea dela azaldu du Elorzak. «Aurrekontuak zeintzuk diren ikusita eta urteko egoera zelakoa den aurreikusiz, egin nahi bada laguntza beharko dutela ikusi dugu», azaldu du.
Lekeitioko bandak urtero kontzertu berezia eskaintzen du uztailean. «Diru asko gastatzen da kontzertu hori antolatzen», dio. Horregatik, laguntza «premiazkoa» izan dela azaldu du, kontzertu hori eskaini nahi bada. «Herritarrek zein kanpokoek disfrutatzen dute uztailean bandak jotzen duen kontzertuagaz, eta ez genuke nahi galtzerik», gaineratu du Elorzak.
Taldea oraindino sortze prozesuan dago. Horregatik, dei zabala egin nahi diete herritarrei. «Taldean parte hartu nahi duten guztientzat ateak zabalik ditu elkarteak», azaldu du Elorzak.
Interesa dutenak Luis Aretxabaletagaz, Peru Ibañezegaz edo Alex Elorzagaz harremanetan jar daitezkeela adierazi dute.