Errautsak kanposantuan lurperatzea ahalbidetuko du hemendik aurrera Lekeitioko Udalak «jendartearen nahiei erantzunez».
Azaroan kanposantuan errautsak lurperatzeko eskaria egin zuen pertsona batek Udalean. Eskari hori aztertu, eta gaiari buruzko hausnarketa egin du Udalak. Ondorioz, hemendik aurrera errautsak lurperatu ahal izango dira kanposantuan.
«Garai berrietara egokitu behar dela argi daukagu», azaldu dute Udal agintariek.
Orain arte familiakoak arduratzen ziren errautsekin, baina beti kanposantutik aparte, ez baziren panteoian sartzen behintzat.
Baina errealitatea zein den ikusi nahi izan du Udalak: “2012an, panteoietatik aparte, 8 bakarrik luperatu dira”, azaldu dute. “Orain dela urte batzuk kopuru hori bost bider handiagoa zen”. 2012an 8 lurperatu dira lurrean, 18 panteoian, 7 errauts panteoian eta kanposantutik kanpora 30 errauts. Horregatik, hartutako erabakia garai honetara egokitutakoa dela irizten dio Udalak.
Kanposantu zerbitzua hobetzeko asmoz eta eskari horri erantzunez, kanposantuan errautsak lurperatzeko lur sail bat bereiztea komenigarria ikusi du Udalak. «Lekurik egokiena hirugarren solairua da», diote. Kutxak zuzenean sartuko dira lurrean, eta bertan jarriko diren hilarriek material eta neurri jakina edukiko dute: Materiala kareharri mutxardatukoa izango da eta 50 zm-ko altuera eta zabalera eta 30 zm-ko lodiera edukiko dute.
Erabaki horrekin herritarrei beste aukera bat zabaldu nahi izan die Udalak.