Ibon Iparragirre eta Asier Badiolaren kontrako epaiketa hasi zen atzo Madrilen (Espainia) eta Aitzol Etxabururen kontrakoa Parisen (Frantzia).
10:30ean hasi zen Iparragirreren eta Badiolaren kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Fiskaltzak 2008ko irailean Ondarroako ertzain-etxearen kontra lehergailuak ipini izana leporatu die bi ondarrutarrei.
Alfontso Zenon defentsa abokatuaren galderei baino ez zieten erantzun bi auzipetuek. Badiolak ukatu egin zuen atentatuan parte hartu izana, eta Iparragirrek berretsi egin zuen Badiolak esandakoa. Bere aldetik, Iparragirrek adierazi zuen epailearen aurrean egindako deklarazioak torturapean egin zituela. Auzipetuei deklarazioa hartzeaz gain, atentatu egunean ertzain-etxean zeuden ertzainek deklaratu zuten, bai eta leherketaren unean ertzain-etxetik pasatu ziren bi lagunek be.
Epaiketa hasiera batean hiru egunekoa izatekoa bazen be, epaileak atzo esan zuenaren arabera, gaur amaituko da. Gaurko auzi saioan ertzainen lekukotasunak jasoko dituzte, eta amaieran, Fiskaltzak eta defentsa abokatuak eskariak egingo dituzte.
Fiskalak epaiketaren aurretik egindako eskaria 55 urteko kartzela zigorra da.
Egindako minaren aitortza
Bestalde,
Aitzol Etxaburu ondarrutarra epaitzen hasi zen atzo Frantziako Justizia, Garikoitz Aspiazu, Aitzol Iriondo, Jurdan Martitegi, Mikel Carrera, Oihan Barandalla, Alaitz Aramendi, Ande Mujika, Luis Ignacio Iruretagoien eta Itziar Plazagaz batera.
Ezker abertzalearen ordezkaritza bat egon zen bertan, Maribi Ugarteburu tartean. François Hollanderen Gobernuak ezer gertatuko ez balitz bezala ezin duela jokatu salatu dute, eta konponketaren aldeko prozesuan inplikatzeko eskatu diote.
Epaiketa ETAren izenean adierazpen bat egiteko baliatu dute auzipetuek.
Naiz.info-k emon du adierazpenaren barri. Aspiazuk irakurri du agiria. «Luzaroan borrokatu gara gudu zelaian; denbora gehiegiz, sufrimendu gehiegi». Nabarmendu du armak uzteko ETAren erabakia egiazkoa dela eta «garrantzitsuena» euskal herritarren nahiei erantzuten diela. Gainera, hitzeman zuten «etsaiari aurre egiten» erabilitako bezainbesteko indarra jarriko duela bake prozesuan. ETAk ohartarazi du gatazkaren arrazoiei erreparatu behar zaiela, baina gaineratu du herritarrei eta eragileei dagokiela alor horretan akordioak lortzen saiatzea.«Hobe izango da mahai baten inguruan eztabaidatzea, gudu zelaian baino».
Francisco Martinez Espainiako Segurtasun idazkariak esan du «esperotakoa» baino ez dela adierazitakoa.
Ugarteburuk, bestalde, «oso garrantzitsutzat» jo du adierazpena, «beraien izenean ez ezik, ETAren izenean egindakoa» izan delako.
Epaiketen aurrean, Ondarroako ezker abertzaleak deituta,
gaur 19:30ean, elkarretaratzea egingo da Alamedan.