Loren Arkotxa: "Aurreko esperientzia jaso eta aberastu egin du Udalbiltzak"
Udalbiltzaren presidente karguak Bizkaitik Gipuzkoara jauzi egin du: Mertxe Aizpurua Usurbilgo alkateari pasatu dio Loren Arkotxak lehendakari makila. Joan den zapatuan aurkeztu zuten Udalbiltza, eta egitasmoaren zein zuzendaritza taldea be aurkeztu zituzten.
Udalbiltzaren egitasmoaren barri emon zuten zapatuan. Edukiak lehengoak dira?
Edukiak oso sakonak dira, nire iritzian; lan handia egin dutela igartzen da. Aurreko esperientzia guztia jaso dute, eta hori ez eze, aberastu egin dute.
Lehendakari makila emon zenion Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakari barriari. Zer sentitu zenuen orduan?
Sentipenak ikaragarrizkoak izan ziren, nik neuk ez dakit inoiz sentitu dudan han sentitu nuen emozio handia, sakona. Momentu txiki batean barruan dauden pertsonak, Udalbiltzan pasatu ditugun kalamitateak gogoratu nituen, eta momentu batean, guztia saritua ikusi nuen. Xabier Alegria eta Itsaso Guemes barruan daude oraindik, eta nahikoa lan eduki nuen negarrari eusten. Oso momentu ona izan zen.
Udalbiltzaren lehentasuna zein da?
Orain bere burua martxan ipini behar du Udalbiltzak, eta gero daukan egitasmoa gauzatzen joango da gainerako eragile sozialekin. Egitasmoaren barruan dago lehen be Udalbiltzan faltan botatzen genuena, eta Udalbiltzak egin behar duela pentsatzen duguna: Euskal Herriko Garapen Agentzia eratzea, horrek dakarren sakontasun guztiagaz; Euskal Herri osoarentzako plan estrategiko orokorragaz. Horrek esan nahi du Euskal Herria aintzat hartzen duten agente guztiek parte hartu behar dutela plan estrategiko integral hori egiten: mundu sindikalak, enpresarialak, finantzarioak, politikoak eta sozialak egin behar dute Euskal Herriko plan nazionala. Euskal Herriak bere proiektua ez daukan bitartean, bakoitza bere zilari begira dago, bere kabuz. Horrela ezin da aurrera egin. Euskal Herrira begiratuta, diziplina bat sortu behar da, eta gauzak amankomunatu egin behar ditugu. Urte pilo batean hortaz berba egiten ari gara, baina ez zaio kolpe egin. Udalbiltza hori egiteko gai da, eta egingo dio. Horrek ikaragarrizko poza emon dit. Hori ez da hiru-lau hileko lana, urteak behar dira plan hori lantzeko. Zenbat eta arinago hasi, arinago kolpe egingo zaio, eta arinago lortuko dugu.
Belaunaldi aldaketa bat be emon da Udalbiltzan, hein batean.
Beste belaunaldi bat da, gaztea, ilusioa daukana. Eta ez bakarrik hori, formazioa daukate, indarra, dinamikoak dira, eta etorkizun luzeko jendea da. Kontzeptu barriak be ikusi ditut. Nire ustez, oso ondo bideratuta doa gaur egun Udalbiltza. Horrek be izugarrizko poza emon dit.
Danen lana beharrezkoa dela esan duzu sarritan. Alderdi guztietako ordezkariak Udalbiltzan egotea posible ikusten duzu?
Oinarri-oinarrian hutsune bat dagoela ikusten dut. Ez da ulertu Udalbiltza zer den. Udalbiltzaren sorreran parte hartu zutenbatzuek be ez zuten ulertu zer zen. Batzuek pentsatu zuten Udalbiltza partiduen trukada bat dela. Udalbiltza ez da hori. Udalbiltzan inbertitu egin behar da, eta bertan parte hartzeko askatasuna eduki behar dute alderdikideek. Borondatea eta gogoa daukaten udalak eta nahi duten udal hautetsiek daukate hor egoteko eskubidea. Baldintza bakarra da Euskal Herria aintzat hartzea. Garapen agentzia horren inguruan egin behar den lan horren inguruan, pilo bat bilera egingo dira, eta prozesu horren baitan, pazientziagaz eta indarragaz, indarragaz baina pazientziagaz, gune abertzalekoak ez eze, periferiakoak be sartuko diren itxaropena daukat. Epe laburrean, baina, ez dut ikusten sentsibilizazio ezberdinetako hautetsiak sartuko direnik, batez be, alderdi politiko batzuek hautetsienganako erakusten duten tiraniagatik.
Ez dietelako lagako?
Horregatik, bai, ez dietelako lagako. Udalbiltza ez da harena, horrena, gurea, bestearena. Danena da.
Lehen bide ezberdina hartu zutenek bat egin dute barriro.
Orain, barriro bidea berreskuratu denean, bidean bat egin dute. Lan eginaz batu behar da jendea, Euskal Herriko plan estrategiko nazionala, Garapen Agentzia nazionala lortzeko. Hor bidean egin behar den lanak batuko gaitu.
Zer emon dizu Udalbiltzak?
Herriko eremua oso gertukoa da, baina Udalbiltzan Euskal Herriko plano nazionalera pasatzen zara. Plano horretan, beste ilusio bat sortzen da. Euskal Herri txiki hau gauza askotan zelako ezberdina den ikusten duzu. Euskal Herria askoz hobeto ezagutu dut, etorkizunera begirako bideak argitzeko balio izan dit; niri asko emon dit, asko. Jaiotzatik Euskal Herria asko maite izan badut, oraindik be maitasun hori puntaraino ailegatu da Udalbiltzari esker. Niretzat, zapatuko eguna, makila pasatzea eta, egin dudan ibilbideari emon niezaiokeen amaiera onena izan zen. Horrelako loteriarik ez dago.