Espainiako Arrantza Sailak berdel kanpaina zertxobait luzatzea erabaki zuen herenegun, itxuraz, kanpaina amaitutzat emon zutenean kupoak bete barik zeudelako oraindik. Epe barria ezarrita, gaur 18:00ak arte saldu ahalko dute kofradiek berdela: ingurusareko txalupa bakoitzari eguneko ezarrita zeukaten kupoa lehorreratzen utziko diote danetara:
6.000 kilo.
Ondarroako bentan, dena dela, atzo 11:00etan amaitu zuten berdelaren kanpaina. 12:00ak aldera, txalupa bat edo beste zebilen berdela lehorreratzen. Txalupa inguruan, galdera bat egiten zuten arrantzaleek: «Zer egin behar dugu orain? Antxoa betiko sasoian hasiko da, eta bien bitartean, ez dakit ba, zer egingo dugun. Txitxarroa be ez dabil asko». Kezkatuta, atzo itsasora ez ateratzea erabaki zuen armadore batek baino gehiagok. Kanpotik etorritako itsasontzi asko be, –galiziarrak ia guztiak– etxera bueltatuta edo bueltatzekotan daude.
Kanpainaren zenbakiei begiratuz gero, Mutrikuko, Ondarroako eta Bermeoko kofradietan, danetara, 2.150.000 kilo berdel saldu dituzte. Lekeitioko flotak Ondarroako kofradian egin ditu salmenta guztiak. Kofradiaz kofradia, Ondarroan 1.520.000 kilo saldu dituzte, bataz besteko 0,81 eurotan. Bermeon 500.000 kilo. Mutrikun 130.000 kilo saldu dituzte. Elenita Berria-rekin batera, Galiziako zortzi txalupak egin dute kanpaina bertan. Kiloa, bataz beste, 0,86 eurotan saldu dute: garestien 1.03 eurotan; merkeen 0,70 eurotan.
Amukoek ez dute oraindik arrantza sailak ipinitako kupoa bete, eta egun batzuk gehiagotan berdeletan segituko dute.