Zapatuan egingo da Mutrikun lehenengo azoka txikia. Berezia izango da, gainera: emakume baserritarren irudia agerian lagako du.
«Baserrian emakumeak zutabe garrantzitsua dira, eta hori aldarrikatzea da asmoa. Horretarako, aurreko egunetan aldarrikapenerako erabilitako tresnekin jantziko dugu azoka», azaldu dute antolatzaileek.
Azoka 09:00etan zabalduko da, eta ohi bezala, Beheko plazan. Bertan batuko dira Mutrikuko Ibiri, Aritza, Antia, Basailun eta Goienetxe baserrietako ekoizleak. Eurek ekoiztutako sasoiko produktuak edukiko dituzte aukeran erosleek. «Azoka txikiak, gutxinaka, kontzientziazio lana egiten ari direla esango genuke; garaian garaikoa jatearen garrantziaz jabetzen hasita dago jendea», azpimarratu dute antolatzaileek.
Elementu berriak gehitzen
Martxoko azokak
urteko azoken denboraldia zabalduko du. Izan ere,
hileko bigarren zapatuetan egingo dira hemendik aurrera. «Azoka txikiek iaz edukitako arrakasta izan da azokak berriz antolatzearen arrazoi nagusia».
Zapatuko azokek, gainera, elementu berriak gehituko dituzte. «Iaz hasi ginen azoka bakoitzari ukitu berezia ematen, eta aurten ere, ezusteko ugari egongo dira». Ezer gutxi aurreratu duten arren, antolatzaileek azoka bakoitzari lotutako ekimen bereziak egongo direla ziurtatu dute.