
Ondarrutar bat telebistan ikusteak zeresan handia eragiten du beti herrian. Herritarrek harro esaten dute: «Ondarrutarra da, eta ezagutzen dut». Oraingoan, ostera, telebistan agertzeaz gain, marka ezagun baten aurpegi bihurtu da ondarrutarra iragarki baten bidez. Eta horrek herriko txutxumutxuak gehitu ditu. Bai, ondarrutarra da. Eta bai, modeloa ere bai. Baina hortik haratago doa bere mundua. Kirola, marrazkigintza eta publizitatearen alorrak dira Haitz de Diegoren (Ondarroa, 1979) esparruak.
Desodorante ezagun baten iragarkia egin barri duzu. Zelan ailegatu zara hori egitera? Nola sartu zinen mundu horretan?
Gutxi gorabehera orain dela hamabi urte hasi nintzen iragarkien munduan, ilustrazioan sartuta zegoen argazkilari baten bidez. Oso harreman ona egin genuen, eta argiak probatzen, kamera mota ezberdinekin lan egiten… hasi nintzen beragaz. Handik hiru edo lau urtera, publizitate alorreko pare bat agentzia bisitatu nituen, eta horrela hasi zen dena.
Askotan esaten da modeloek dobleak erabiltzen dituztela zenbait eszena egiteko. Azken iragarki horretan doblerik eduki al zenuen? Zelan sentitzen zara beste pertsona batek ordezkatzean?
Pare bat doble eduki nituen, baina plano guztiak neuk egin nituen. Bakoitzak bere lana dauka, eta hori egin behar du. Ez naiz arraro sentitzen; alderantziz, pozik nago.
Inoiz pentsatu al zenuen publizitatearen munduan parte hartuko zenuenik?
Txikitatik gustatu izan zaizkit iragarkiak. Iragarkiak jartzen zituztenean, katerik be ez nuen aldatzen, baina ez nuen pentsatzen gerora telebistan agertuko nintzenik.
Modelo izateak gorputza ondo zaintzea eskatzen du. Zaila egiten al zaizu?
Gorputza, eta burua be bai. Ganbara txarto badabil, gorputza ez doa inora. Kirol asko egiten dudanez, gorputza eta burua, biak, ondo edukitzeko aukera handiak ditut. Eta bi horiek ondo badaude, guztiak ondo irteten du.
Zelan sentitzen zara zeure burua telebistan ikusten duzunean?
Hasiera batean arraro xamarra da. Norbere buruari akats guztiak ikusten dizkiozu, baina, gerora, ohitu egiten da bat.
Iragarkiak egiteko, lotsakorra ez zara izango, ezta?
Ez, gauzak naturaltasunez hartzen ditut. Lotsa beste gauza batzuetarako eduki behar da.
Diseinu ikasketak egin zenituen. Diseinua zure pasioa dela esan daiteke?
Noski. Betidanik ibili izan naiz marrazkigintzan, marrazkiak egiten. Paper zuri batean norberak nahi duen mundua sortzeak ez dauka preziorik.
Diseinatzailea, komikigilea, kirolaria, iragarkietako modeloa… Zer edo zer gehiago izatea gustatuko litzaizuke?
Oso pozik nago naizena izanda. Eta ahal badut sektore horietan hobetu, ba oraindik hobeto!
Eta alor horietatik zeinetan sentitzen zara erosoen?
Egia esan, danetan sentitzen naiz eroso. Baina bat aukeratu behar izanez gero, marrazketa aukeratuko nuke. Izan be, konfiantza eta esperientzia gehien daukadan alorra da marrazkigintzarena, eta hori aukeratuko nuke.
Bartzelonan bizi zara. Gustura zaude edo etorkizunean Ondarroara edo Euskal Herrira itzuliko zara?
Oso gustura sentitzen naiz Bartzelonan. Batzuetan, familia, olatuak… faltan botatzen ditut, baina, oraingoz, Bartzelona aldetik geratuko naiz. Hori bai, egunen batean seguru Ondarroa aldera bueltatuko naizela.
Aurrera begira, zeintzuk proiektu dituzu eskuartean?
Iragarkiak eta katalogoak egiten jarraituko dut. Marrazkiaren munduan, ilustrazio liburu bat atara nahi dut, eta orain hori darabilt buruan. Gogoagaz eta beharra eginez, denak urtengo du aurrera.