
Zuhaitzak landatzen
Basoak emoten digu arnasa, bizitzaren iturria da, bizirauteko behar-beharrezko natur ondarea. Hori hizpide hartuta, Artibai errekaren ondoan basoa landatu dute azkan asteburuetan.
Ondarroako Udal Ingurumen Batzordearen deiari erantzunda, 30 bat boluntario aritu dira zuhaitzak landatzen: beharrerako arropak, botak eta eskularruak soinean, atxurrari kolpe eginda ibili dira, «gustura», guztiei onura ekarriko dien egitasmo batean parte hartzen ari diren jakitun.
Egun batzuez zuhaixka mordo bat pilatuta egon dira Kamiñaziko parke inguruan. Lan handia egin dute egin be: 450 zuhaitz lurreratu dituzte, sahatsak asko eta asko. Auzolana, gainera, ez da hor amaituko: udazkenean beste bi landaketa saio egingo dituzte, bat paduran eta beste bat Zubi Zahar herri ikastolaren atzean. Tamarix-ak landatuko dituzte orduan erreka bazterrean, behe-behean, ur gazia ondo jasaten dute eta.
Paisaia aldatu ahala, basoa arnas iturri oparoagoa izango da.
Ibai Muñiz Etxaniz, Ondarroako Udal Ingurumen Batzordeko kidea: «Basoa ona da auzorako: aire garbiagoa eta paisaia ederragoa edukiko dute»
Artibai errekan basoa landatu duzue. Zein helburugaz?
Hiru helburu nagusigaz. Batetik, inguru horretako bioaniztasuna handitzea, bai landareena eta baita animaliena be. Bestetik, lurra higaduratik babestu nahi izan dugu, landatutako arbolek lurrari eutsiko diotelako. Amaitzeko, uxolei aurre egitea da helburua: sutraiak dituen lurrak ura xurgatu eta gero, astiro-astiro errekara buelta egiten du. Esan beharrik ez dago Ibaiondoko auzoko paisaia be hobetuko dela.
30 boluntario ibili zarete hor, asteburuz asteburu. Ingurumenari lotutako jendea be egongo zen tartean, ezta?
Boluntarioekin lan egiteak ondorio eder bat eduki du: alkar ezagutzen ez genuen eta ingurumenari buruzko interesa daukagun herritarrek topo egin dugula. Biologoak, ibaiko hegaztiei argazkiak ateratzen ibiltzen den jendea, ingurumen hezkuntzan ibiltzen dena… Asko, gainera, auzokoak izan dira, eta hori ona da. Auzokoak izango dira beraiek sartutako arbolak hobetoen zainduko dituztenak.
Landatu duzuen zuhaitz motak zeintzuk izan dira. Zein da gehien landatu duzuena?
Sahats asko landatu ditugu. Biluzik dauden lurretan arinen agertzen diren arbolak dira. Ereinotzak eta bertoko haritzak be asko sartu ditugu; eta beste espezie batzuk be bai: madari basatiak, haltzak, urritzak…
Urte batzuetan erreka ondoko paisaia aldatu egingo da.
Hori da helburua, baina horretarako arbolak zaindu behar dira. Honezgero agertu dira arbola batzuk apurtuta. Auzokoek pentsatzen badute baso horrek euren auzoari onura ekarriko diola, basoa haziko da. Guk uste dugu Ibaiondoko bizilagunentzat ona dela: paisaia ederragoa, aire garbiagoa, saihesbideko zarata gutxiago be egongo da. Udaleko brigadakoekin be egon gara berbetan, hamendik aurrera inguru hori zelan zaindu pentsatzeko. Bedarra ebaki behar badute, arbolei kalterik ez egiteko, adibidez.
Osasun etxearen atzean ez duzue landatu, ezta, jendeak eskatuta...
Bai. Batzuek eskertu egin digute basoa landatu izana, baina beste batzuk kezkatu egin dira, inguru hori eguzkia hartzeko erabiltzen dutelako. Hori be kontuan hartu dugu, eta osasun etxe inguruak libre laga ditugu. Gainera, jartzeko lekuak be ipini ditugu bertan.
Landare hesia be landatu duzue erreka ondoan…
Landare hesia landatu dugu, bai. Era horretan basoa babestu nahi dugu. Gainera, parketik ibaira joaten diren ehunka plastikozko poltsa hesi horretan geratzea be nahi dugu, zamarrik uretara ez joateko. Bide batez, umeak errekara ez jausteko be balioko du hesiak. Auzo batzarretan egin zuten eskari hori guraso batzuek, eta landare hesia irtenbide ona izan daiteke horretarako.
Zuhaitz Eguna bera zelan joan zen?
Asteroko jendeaz gain, guraso batzuk be agertu ziren umeekin. Gustura ibili ziren, eurentzako aproposak ziren atxur txikiekin. Gero, luntxa egin genuen, Euskal Herriko gazta, ardo eta sagardo ekologikoekin.
Ingurumen Batzordearen hurrengo erronka zein da?
Nekazaritza ekologikoari buruzko ikastaro batekin gabiltza orain, maiatza bitartean. 43 pertsona ari dira parte hartzen. Horretaz gain, beste bi erronka ditugu hurrengo hilabeteetarako. Bata, herritarrek euren auzoan konposta egiteko bi gune martxan ipintzea. Ondarroak ehunka kilo organiko bidaltzen ditu erretzera, eta uste dugu herrian bertan organikoa konpost bihurtzea osasungarriagoa dela danontzat. Gainera, ongarria lortuko dugu herriko parkeetan edo soloetan erabili ahal izateko.
2012ko Uraren Hilabetea kanpainagatik saria jaso berri du udalak.
Bai. Hori izango da beste erronka bat aurtengorako: Uraren Hilabetea antolatzea. Ondarroan edaten dugun uraren ibilbidea ezagutzera joango gara ikastetxeekin, eta erreka garbitzeko eguna be antolatuko dugu. Eta agendan gauza gehiago be badauzkagu jasota udazkenerako: besteak beste, Larruskainen basoa landatzen hastea eta komiki bat kaleratzea. Lotu ahala, joango gara ekintzen berri emoten.