Auzia barriro irekitzeko agindu du Ana Isabel Gasca Bilboko 1. Instrukzio Epaitegiko epaileak. Santi Brouard HBko buruzagia zeinek eta zeinen aginduz hil zuen argitu ahal izateko datu barriak daudela eta, ikerketari ekitea erabaki du, Jose Amedo polizia ohiak auziagaz lotuta epaitegian aurkeztutako salaketaren harira.

Amedok elkarrizketen transkripzioak epaitegian aurkeztu zituela jakin zenean, familiak esan zuen ez zuela epaiketa berriz egiteko eskatuko, «familiak ez duela Amedoren doinuan dantzatzeko asmorik» argi utzita. Baina jakinarazi zuen epaileak auzia irekitzea erabakiko balu familia akusazio partikular gisa aurkeztuko litzatekeela, eta
Txema Montero izango zela abokatua. Hori baieztatu dute azkan orduetan.
Brouarden hilketa argitzeko 2003an egin zen bigarren epaiketan froga faltagatik absolbitu zuten Amedo, baina ikerketa osoan argi geratu zen auziaz «asko» zekiela. Iazko abenduan, informazio garrantzitsua zeukala esanez jo zuen Bilboko Epaitegira. Jose Luis Morcillo Pinillos enpresari ohiagaz edukitako elkarrizketa batzuen grabazioak zituela adierazi zuen, eta horien transkripzioak utzi zituen. Idazki horietan jasotzen denez, Brouardi bost tiro emon zizkiola onartzen du Morcillok grabazio horietan, eta pediatra hiltzeko agindua Julian Sancristobalek emon ziola. Hura izan zela hilketa antolatu eta agindu zuena.
Orain, Sancristobalen ardura argitzen ahaleginduko dira ikerketan. Izan be, hilketaren egileen gaineko atala epaitutzat emon zuten 2003an, eta, beraz, ezin zaio gaiari barriro kolpe egin.
Grabazioa originalen eskaera
Ikerketei bide emoteko, Morcillogaz ustez edukitako elkarrizketen grabazio originalak epaitegiaren esku uzteko eskatu dio Amedori epaileak. Morcillori, barriz, deklaratzeko hitzordua ipini dio: apirilaren 16an 10:30ean joan beharko du Bilboko Epaitegira, Amedok aurkeztutako grabazioetan ari dena bera den egiaztatu eta bertan dioena berresten duen argitzeko. Hau da, Brouarden hilketa prestatu eta agintzea Sancristobali egozten dion, eta hori baieztatzen badu, zein datu eta ezagutzen gainean egiten duen.
Izan be, Amedok agindutako grabazioen gaineko zalantzak dauzka epaileak. Aurkeztutako transkripzioekin batera, polizia ohiaren hausnarketak jasotzen direla ohartarazi du, eta Morcilloren erantzunak prestatuta dauden itxura dutela batzuetan.