Posible da eskola txikiak Kalitatea Hezkuntzan bezalako sare batean sartzea. Posible da sarean sartzea, eta posible da baita egindako lana aitortzen duen ziurtagiria jasotzea. Hala erakutsi dute Amorotoko eta Ispasterko ikastetxeek.
Ikastetxeak hobetzeko etengabeko prozesuak sustatzea, erraztea eta babestea du helburu Kalitatea Hezkuntzan sareak: antolakuntzan, ebaluazioan, dokumentazioa kudeatzean, plangintzan… Horretan beharrean aritu dira, hain zuzen, azken lau-bost urteetan amorotoarrak eta ispastertarrak. Egindako lan horrek izan du bere aitorpena azkenean: Lea-Artibaiko ikastetxeek Kalitatea Hezkuntzan ziurtagiria jaso dute.
Aintzatespena, baina, ez da arrazoi nahikoa bidea uzteko; horregatik, hemendik aurrera be lanean jarraituko dutela aitortu dute aipatu ikastetxeek. «Orain arte egindako proiektua pixka bat findu eta Ispasterko eskolara gehiago moldatuko dugu aurrerantzean», azaldu du Ispasterko eskolako Amaia Zabala irakasleak. Sarean sartuta jarraitzen dute Amorotokek be, «beste prozedura batzuk egiten»; egun, adibidez, matrikula egiteko prozesuan burubelarri dabiltza.
Zabala poztu egin da eskolak ziurtagiria jaso duelako, «egindako lana ikusteko ondo datorrelako»; dena den, haren arabera, «azken finean, ziurtagiri bat baino ez da, gehiago da egindako lana».
Eskolarako oinarri finko bat

Eskolan martxan duten proiektu horri esker, irakaslerik egon ezean be, eskolak oinarri finko bat izango luke aurrera egiteko. Hala dio, behintzat, Zabalak: «eskola guztiek dute oinarri bat, baina proiektu horrek laguntzen du oinarri hori gehiago zehazten eta antolakuntza errazten». Proiektuak berak asko merezi duela uste du Amorotokoak eta barne funtzionamendu hobea ekarriko duela deritzo.
Amorotokoek «pozik eta urduri» hartu dute ziurtagiria; izan be, diotenez, ez daude ohituta halako lekuetan egoten. Proiektua lantzeko, Kalitatea Hezkuntzan sarekoen eta Berritzegunekoen aldetik, laguntza handia jaso dutela aitortu du Jone Urraza eskolako zuzendariak. «Errealitatera egokitu behar izan gara, baina ondo etorri zaigu». Lehenengo urtean zehaztutako zortzi ildo estrategikoak lantzen aritu dira urte hauetan zehar eta prozesu ezberdinak garatzen.
Hainbat ikastetxe, sarean
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko beste hainbat ikastetxe publiko be Kalitatea Hezkuntzan sarean parte hartzen ari dira: hala nola, Gernika-Lumoko Allende Salazar eta Barrutialde BHI, Bermeoko Arozena Barrueta BHI, Lekeitio BHI eta HLHI, Ondarroako Zaldupe eta Ondarroa BHI eta Mutriku BHI.