
Hamar aktore, bi musikari, argiak, agertokia. Eta danaren atzean, liburu bat: Joseba Sarrionandiaren Idazlea zeu zara. Obra hori antzerkira eroango du Abarka Antzerki Taldeak bihar, 22:00etan, Markina-Xemeingo Uni frontoian. Zuzendari beharretan Ander Lipus markinarra ariko da.
Orain dela urtebete inguru hasi ziren Abarka antzerki taldekoak Sarrionandiaren ipuinak antzerkira zelan eroan pentsatzen. Abarkak beste hainbat proiektu be bazeuzkan esku artean, eta horrek obra hau «atzeratu» egin duela diote. Baina urte osoko beharraren ostean, prest dago antzezlana.
Abarka Antzerki Taldeak astero egiten ditu entseguak Arretxinagako lokalean, eta azkenengo hilean «topera» ibili direla esan dute, astean hiru-lau egunetan hitzordua jarrita.
Obra hau prestatzeko, alde batetik, zuzendari eta aktoreen beharra dago, eta, bestetik, obraren jantzia: eszenografia. Jose Pablo Arriaga markinarra aritu da behar horretan. Argi aldetik, ostera, antzezlana «nahiko sinplea» dela adierazi du Ander Lipus zuzendariak. «Ez dugu ahaztu behar horren atzean ipuinak kontatzen direla; orduan, ez dugu nahi izan artifizio askorik sortu».
Obra biribiltzeko musikari bi egongo dira, antzerkian zuzenean joko dutenak. «Zuzenean musikariak edukitzeak beste indar bat emoten dio antzerkiari, polito uzten du», dio Lipusek.
Pentsatzeko ipuinak
Ipuin liburu horretako 37 ipuin edo mikroipuin moldatu dituzte antzerkirako, eta horiek pertsonaia batzuen bitartez kontatzen dituzte. «Nahiz eta hasiera batean Idazlea zeu zara umeentzako liburu bat izan, uste dut edonorentzako liburua dela Sarrionandiarena», dio Lipusek.
Liburuko ipuinak «pentsamendu kritikoa asko lantzen dutenak, zer pentsatua emoten dutenak» direla azpimarratu nahi izan du zuzendariak.
Leihoak margotuz
Obra gitxi gorabehera hiru ataletan zatitu dutela azaldu du Ander Lipusek. «Badago konstante bat, Sarrik ipuinetan erabiltzen duen bera: leihoak», dio. «Leiho bat margotu, begiak itxi eta mundu bat imajina daiteke. Agian, alda daitekeen mundu bat, ezta?».
Izan be, Sarrionandiaren ipuinen artean badago ondokoa dioen bat: «Itsusiak eta ederrak, irekiak eta burugogorrak, alferrak eta kementsuak… izan gara luzaroan, baina orain aldatzen ari gara». Aldaketa hori da abiapuntua, gakoa. Horrela, leiho batzuk zabaltzen ditu Sarrionandiak eta, «leiho horietatik, antzerkian istorioa hiru bloketan» kontatzen dutela dio Lipusek.
Alde batetik, umeak eta aitita-amamak agertzen dira, eta euren arteko gogoetak edo alkarrizketak kontatzen dira. Beste alde batetik, umeak eta gurasoak azaltzen dira. Azkenik, umeak agertzen dira eskolan, hau da, umeak eta irakasleak egongo dira. «Hiru mundu horiek, metafora horiek baliatu ditugu aukeraketa bat egin eta kontatzeko».
Bertoko euskaran
Liburu batetik antzerkirako jauzian moldaketak egoten dira, baina Abarkakoek testua «mantendu» egin dute, baina berezia den gauza bat eginez. «Sarrionandia iurretarra da, eta Iurretako eta Markina-Xemeingo euskara nahiko antzerakoak dira», dio Lipusek. Horregatik, testua batueratik Markina-Xemeingo euskalkira pasatu dute. «Nik uste dut horrek bestelako bizitasun bat emoten diola obrari. Liburua irakurtzeko oso egokia da, baina ahozkotasunerako bertoko euskara erabili dugu, eta nik pentsatzen dut horrek aberastu egiten duela kontatzen duguna».
Danentzako antzerkia
Zuzendariak «mugimendu askoko obra» moduan definitu du Biba zorrixen izurritie! antzezlana. «Espero dugu ordubeteko antzerkiagaz gozatzeko parada edukiko duela jendeak». Adin guztientzako lana dela gaineratu du, umeekin ikusteko modukoa. «Obra familiarra da, herri guztiarentzakoa».